Oscar Andres Medina: "Kontxarako sailkapenari begira, gurea eginda eta orain arte arraun egin dugun bezala arraun eginez ez dugu zertan larritasunik pasa behar”
Kontxako sailkapena gainean dugula Oscar Andres Medina kaikuko arraunlari Uruguaiarrarekin egon gara hizketan. Bost urte daramatza gure artean eta bere tosta arteko hasierak zelangoak izan ziren eta bere taldea sailkapenari begira zelan ikusten duen kontatu digu, beste zenbait bizipenen artean.

Estropa: Zenbat urte daramazu gure artean arraunean?
Andres: Honako hau bosgarren denboraldia da, 2005. urtean hasi nintzen, Pontejosen bi urte eman nituen eta hiru urte daramatzat Kaikun.
Estropa: Zelan izan ziren hasierak, banku mugikorretik tosta artekorako aldaketa, herrialde berria…?
Andres: Kulturalki oso antzekoak gara Uruguaiarrak eta Euskaldunak. Arraunketa mota aldatzearen kontuan zailena hankak ez erabiltzea izan zen eta abdominalak ohitzea. Gainera 2005.ean arrauna utzita nuen lanagatik eta berriz ere sasoia hartzea gogorra izan zen. Lehenengo urtean asko harritu ninduen gauza bat, hemen nahiz eta euria egin edo trumoika ari, beti ateratzen ginela uretara entrenatzera eta Uruguaien berriz futbol edo basket partiduak jokatzen genituen.
Estropa: Aldaketa gustatu zitzaizun? Zer da trainerutik gustukoen duzuna?
Andres: Egia esan aldaketa gustatu zitzaidan eta asko gainera. Traineruan arraun egitetik gustukoen dudana estropadetan sortzen den giroa da, eta baita itsas txarreko estropadak, nahiz eta askotan arrauna uretan sartu ez (barreak), olatu gainean korrika egitean sentitzen den sentsazioa banku mugikorrean ezin da bizi.
Estropa: Bata edo bestea aukeratzekotan, zein?
Andres: Tosta artekoa!!! Gaur egun banku mugikorrean berriz ekitea kriston hankako mina sortuko lidake! (barreak).
Estropa: Badakigu trainerutan garaipen asko dituzula baina kontaiguzu banku mugikorreko garaian lortutakoak.
Andres: Ba zenbait estropada irabaziak ditut bai klubarekin bai Uruguaiko selekzioarekin. Esate baterako txapelketa sudamerikarrean jubenil garaian, zilarra 2Xen eta brontzea 4xean atera nituen. Seniorretan berriz, Odesur jokoetan zilarra 4Xen eta brontzea 2Xen, sudamerikarrean urrea 4Xen, brontzea 4- ean eta brontzea 8+, panamerikanoan zilarra 4xean… pixka bat laburbilduz zeren 99tik 2004ra selekzioan ibili nintzen eta beste zenbait nazioarteko estropada irabaziak ditut ere.
Estropa: Eta trainerutan estropada gorena, Kontxako ikurrina. Zer sentitu zenuen irabaztean?
Andres: Pila bat emozio batera sentitu nituen, baina izugarriena eta markatu ninduena ranpara heltzeko momentua izan zen. Uretatik horren beste jende ongietorria ematen ikustea ezin da deskribatu. Nire ustez momentu hartararte ez nuen jakin benetan Kontxako estropada zuen garrantzia, entzunak nituen batetik eta bestetik “bla, bla, bla”, baina barrutik ikusten eta bizitzen duzunean ez dago parekorik.
Estropa: Igaz lau txapelketak irabazi zenituzten eta aurten baduzue hirukotea. Zelan ikusten duzu Kaiku Kontxako sailkapenerako?
Andres: Ba egia esan igaz egin genuenaren %75ta errepikatu ahal izatea luxu bat izango litzateke, nahiz eta nola ez aundino potoloena gelditu. Sailkapenean ez dago ezer argirik, hamar ontzi besteak baino pixka bat gorago gaude eta soilik zazpi plaza daude. Beraz, edozein akats kanpoan utzi zaitzake. Gu badakigu gurea eginda eta oinarte arraun egin dugun bezala arraun eginez ez dugula zertan larritasunik pasa behar. Ontziak azken bi aste hauetan asko aldatu egin da eta soltura gehiagorekin sentitzen da.
Estropa: Liga eta txapelketen artean egon diren diferentziaz esaten denaz ze iritzi duzu?
Andres: Ligan zehar arraunean aritu diren taldekiderik gabe ezinezkoa izango litzaiguke txapelketetan lortutako emaitzak egitea, aldaketa haiek freskotasun bat ematen digute, txapelketa bakoitzera hobeto ailegatuz.
Estropa: Zelan ikusten duzu datorren urteko liga?
Andres: Aurtengoaren antzeko, baina dudarik gabe ikurrina baten bat irabazita.
Motxean:
- Desiorik? Desiorik ? esango banu ez litzateke beteko, beste galdera bat.
- Kolore bat? Berdea
- Patroi bat? Asier Zurinaga
- Ametsik? Irailak 2, 5 eta 12an irabaztea
- Traineru bat? Bizkaitarra


