Sarrerak: February 2009
Felix Zubizarretak eta Alex Txikonek indarrak neurtuko dituzte 2009/02/28
Batelak Sokoan eta Portugaleten 2009/02/26
Larunbat honetan, Otsailak 28, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batel Ligako jardunaldiak izango ditugu. Bizkaiko Batel Ligako 4. jardunaldia ohitura den bezala Portugaleten jokatuko da arratsaldeko 15:30etatik aurrera Benedicta kai barrenean. Estropada honetan maila ezberdinetako 71 ontzik parte hartuko dute. Gipuzkoako Batel Ligako 3. jardunaldia berriz Sokoan (Lapurdi) jokatuko da, Ur Joko Arraun Elkarteak antolaturik. Estropada arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta bertan 63 ontzik arraun egingo dute. Oraingo honetan Orioko Arraun Elkarteko batelak ez dira izango, Oriako jaitsiera baitute.
Oriako XV. Traineru Jaitsieran 56 ontzi 2009/02/25
Datorren larunbatean, Otsailak 28, Oriako traineru jaitsieraren XV. edizioa jokatuko da 17:15etatik aurrera. Proba hau 1995an hasi zen jokatzen. 2003an, ikusita urtetik urtera parte hartzeko eskaera gorantz zihoala, beste ibilbide bat antolatu zen, beteranoz, jubenilez, jubenil-kadetez, neskez, neska-mutilez... osaturiko traineruek parte har zezaten (4000m eta Sarikolatik irteera). Guzti hau, adin eta maila guztietako arraunlarien lehiatze-gosea asetzeko eta parte-hartze eskakizunei erantzuna eman ahal izateko egin zen. Aurten eta nobedade bezala, Llagut Catala eta Llaut Mediterraneo ontziak ere izango dira. Gero jakina, hor izango ditugu Kantauri osoko traineruak. Hauek 6000m-ko ibilbidea osatuko dute (Mapil-Aginaga / Orio). Irteera ordena eta ordutegia hemen ikusi ditzakezue. Aurten badirudi, marka guztiak apurtuko direla, guztira 56 ontzik izena eman baitute.
Boga Berria argazki erakusketa 2009/02/24
Pasatako asteazkenetik Donostiako Okendo Kultur Etxean argazki erakusketa bat ikusi daiteke. Erakusketa honen helburua irailaren 13an eta 14an ospatutako Emakumezkoen Kontxako I Bandera gogoratzea da. Izan ere, emakumeek eremu berri bat bereganatu baitzuten, arraunarena, ehun urte eta gehiago dituen izen handiko Kontxako estropadan. Estropada ospatu ostean, Donostia Kulturak argazkiak lortzeko deialdia egin zuen, estropadako kirol-proba eta sortutako giroa gaiak zirelarik, erakusketa tematiko hau diseinatzeko asmoz. 1471 argazki aurkeztu dira eta 57 dira aukeratutakoak. Beraz denbora baldin baduzue, ez galdu aukera. Erakusketaren ordutegia.
Kiroljokoak ere 2009ko txanpari ekin dio 2009/02/23
Zortzikoan Hondarribia nagusi! 2009/02/22
Bizkaiko Batel Ligako 3. jardunaldia 2009/02/22
Atzo, Otsailak 21 larunbata, Bizkaiko Batel Ligako 3. jardunaldia burutu zen Portugaleten. Orain dela astebeteko estropadarekin alderatuta, aldaketa batzuk egon ziren. Senior mailan Urdaibai nagusitu zen eta nesken jubenil mailan Karmeleko Ama. Beste mailetan 2. jardunaldiko irabazle berdinek errepikatu zuten: mutiletan, infantil mailan Bermeotarrak nagusi, kadete mailan Uribe-Kostakoak irabazi zuten, Ondarrutarrak jubenil mailan nagusitu ziren. Neskei dagokionez kadete mailan Ondarru irabazle eta infantil neska-mutiletan Kaiku irabazle. Aipatzekoa jubenil mailan, Ondarruk eta Deustuk erakutsitako lehia estua. Emaitzak ikusteko hemen klik egin.
Asteburu honetako estropadak 2009/02/20
Bihar larunbata, Otsailak 21, aulki mugikorreko Gipuzkoako Ligako eta Bizkaiko Batel Ligako estropadak jokatuko dira. Gipuzkoako Batel Ligari dagokionez berriz, Donostian aurreikusita zegoen estropada bertan behera gelditu da, ihauteriak direla eta, Donostiako erdigunea itxita egoten baita desfilearengatik. Aulki mugikorreko Gipuzkoako Ligako 6. jardunaldia Orion jokatuko da, arratsaldeko 14:00etan. Eta oraingo honetan, batak bestearen ondoan lerrokatuta jokatuko dute eta ez bata bestearen atzetik. Karkaran informazio zabalagoa aurkitu dezakezue eta parte hartzaileen zerrenda beste honetan. Bestalde, Bizkaiko Batel Ligako 3. jardunaldia Portugaleten jokatuko da arratsaldeko 15:30etatik aurrera. Estropada honetan maila ezberdinetako 80 ontzik parte hartuko dute. Oraingo honetan ere Benedicta kai barrenean ospatuko da estropada.
1930. urteko Kontxa 2009/02/19
Gure kolaboratzailea den Juan Miguel Azkuek Kontxako bi bideo zahar moldatu ditu eta denontzako ikusgai jarri ditu. Donostiako estropaden film zaharrenetakoa izango da hau (Norbaitek film zaharragorik ezagutuko balu erantzun diezaiola berri honi). Film hau 1993. urtean, ETB-k bere gaztelerazko programazioan eman zuen. 1930. urte hartan 6 traineruk hartu zuten parte Kontxan, San Pedro, Getaria, Orio, San Juan, Donostia eta Oikina (edo Zumaia) eta San Pedrok irabazi zuen Aita Manuel patroi zela. Gainera 2. bideoan 6 herri horien garai hartako ikuspegiekin gozatu dezakezue. Juan Miguel Azkuek garai hartako arraunlari eta arraunzale haiei omenaldi txiki bat egin nahi izan die bideo hauekin. Eskertzeko lana benetan!
Ikasarrauna egitasmoak 2009ko ikasturtea hasi du 2009/02/18
Neguko geldialdia egin ondoren, Ikasarrauna proiektua aurrera doa aurten ere eta pixkanaka uretara sartzen hasi dira. Ikasarrauna Ikastolen elkarteak sustatutako proiektua da eta bere helburua arrauna ikastetxeetara eta ikasleei hurbiltzea da. Joan den astean adibidez Portugaleten egon ziren Ibarezkerra Ikastetxeko Ikasleekin saioak eginez. Irudietan ikusi daitekeen bezala, talde handiak direnean saioetarako gurelako ontziak (alak) erabiltzen hasi dira. Proiektu honen arduradunak Iosu Aboitiz eta Iñaki Goienetxea dira. Animo bioi eta horrela jarraitu!
31 kadete Euskadiko selekzioarekin Sevillara 2009/02/17
Pasatako igandean, Kadete mailako Euskadiko selekziorako estropada-probak jokatu ziren Orion. Bertan 31 kadete hautatu zituzten arraun talde ezberdinetakoak: Hondarribia (11), Ur Kirolak (8), Santiagotarrak (8), Orio(2), Donostia AL(1) eta Itsasoko Ama(1). Hautatuak zeintzuk diren ezagutzeko hemen klik egin. 31 kadete hauek datorren asteburuan, Otsailak 21-22, Sevillan jokatuko den "VIII Regata CTDs Inter-Autonómicos" txapelketan parte hartuko dute Euskadiko selekzioa ordezkatuz. Estropadaren xehetasunak hemen ikusi ditzakezue.
Getaria eta Pasai Donibane bina garaipen! 2009/02/16
Atzo Gipuzkoako Batel Ligako bigarren jardunaldia jokatu zen Trintxerpen. Mutilei dagokionez Getariarrek infantil eta jubenil mailetan irabazi zuten. Kadete mailan berriz Zumaiarrak nagusitu ziren eta senior mailan Donibandarrak. Neskei dagokionez berriz, infantiletan San Juandarrak irabazle eta jubeniletan tolosarrak garaile. Emaitzak ikusteko hemen klik egin.
Ustekabe bat baino gehiago Hondarribiko traineru jaitsieran 2009/02/15
Atzokoan Urdaibaik irabazi zuen eta aurten ere traineruetan nagusi izan nahi duela erakutsi zuen. Zarauztarrak oso ondo aritu ziren, bigarren postua lortuz eta aurten hor aurrean egoteko aukerak dituztela erakutsiz. Orio eta San Pedro ondo iazko bidetik. Hondarribia ondo baina gehiago espero genuen. Castro eta Zumaia berriz gaizki, ez omen zituzten talde onenak atera. KAE-ko taldeei dagokienez, Orio-B eta Santurtzik hor aurrean egongo direla erakutsi zuten. Hondarribiko IX. traineruen jaitsiera hontako emaitzak hemen ikusi ditzakezue. Goiz da ondorioak ateratzeko, denboraldia hasi besterik ez baita egin, agian batzuentzat ezta hori ere, baina emaitza onak lortzea beti da aldeko. Ia zer gertatzen den Orioko jaitsieran, datorren Otsailak 28.
Bizkaiko Batel Ligako 2. jardunaldia 2009/02/15
Atzo, Otsailak 14 larunbata, Bizkaiko Batel Ligako bigarren estropada burutu zen Portugaleten. Oraingo honetan Bermeotarrak eta Lekeitiarrak ere aritu ziren. Atzokoan orain dela astebeteko irabazle berdinak izan ziren, infantiletan izan ezik. Gogora ditzagun estropadako irabazleak: mutiletan, infantil mailan Bermeotarrak nagusi, kadete mailan Uribe-Kostakoak irabazi zuten, Ondarrutarrak jubenil mailan nagusitu ziren eta senior mailan Deustuarrak txapeldun. Neskei dagokionez kadete mailan Ondarru irabazle eta jubeniletan Arkote garaile. Emaitzak ikusteko hemen klik egin.
Batelen Txanda 2009/02/14
Asteburu honetan batelen txanda dugu. Larunbatean, Otsailak 14, Bizkaiko Batel Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da Portugaleten goizeko 11:00etan. Igandean berriz, Gipuzkoako Batel Ligaren txanda izango da, Trintxerpen, goizeko 11:00etan. Arraun zaleak asteburu honetan badu zer ikusi eta gozatu.
Josetxo Fernandez Vaqueriza: “Euskal ontziteria berritu beharra dago!” 2009/02/14
Arraunketako Euskal Federakuntzako Presidenteari elkarrizketa:
Luze eta zabal hitz egin dugu Josetxorekin, nabari da arrauna maite eta bizi duela. Federaziora ilusioarekin datorrela dio, gauzak egiteko gogoekin. Hurrengo urteetan euskal ontziteria berritzea ezinbesteko ikusten du, goi mailan egoteko ontzi txukunak eduki behar direla dio. Vaquerizak hau azpimarratu nahi du; ontziak arrauna egiteko instalazioak dira eta beraz ezinbestekoak arraunlarientzat, ontzirik gabe ez dago arraunik. Eta erakunde publikoak honen garrantziaz jabetzea nahiko luke, ontziak oso garestiak baitira eta ematen duten laguntza ez omen da nahikoa. Bestalde, elkarte eta federazioetan dabiltzan zuzendaritzako kideen lana nabarmendu eta eskertu nahi du: monumentu bana merezi dute!
Kadete mailako Euskadiko selekziorako estropada-probak Orion 2009/02/13
Datorren igandean, Otsailak 15, oso goizetik 8-etan hasita, Euskadiko selekziorako estropada-probak egingo dira Orion, Euskal Federazioak antolatuta. Kadete maila. Gizonezkoak eta Emakumezkoak. (1X; 2X; 4X; 2-) modalitateetan. Hautatuak izaten direnak Sevillara joango dira Euskadiko autonomia defendatzera, "VIII regata cadetes por autonomias" hain zuzen. Jokatuko diren sailkatze estropadak ikusteko, berri honetan klik egin.
Traineruak uretara! Larunbatean Hondarribian. 2009/02/12
Larunbat honetan, Otsailak 14, 16:30etan, Hondarribiko IX. Traineru Jaitsiera jokatuko da. Denboraldiko lehenengo proba izango da traineru askorentzat, beraz taldeek bakoitzaren indarrak neurtzeko aukera izango dute. Estropada minutuz minutuko erlojupekoa izango da. Elkarte ondoko kaiko obrak hasiak direla eta aurtengo jaitsieraren eremua aldatu behar izan dute. Aurtengo eremu berria, hondartzaren parean egongo da, garai bateko Kontxako sailkapen estropadako eremu berdina izango delarik. Aurtengo Jaitsieran orain arte 23 traineruk eman dute izena, ontzien zerrenda bertan ikusi dezakezue.
Donostiarra eta Udalaren arteko hitzarmena aurrera... 2009/02/10
Akordio hotsak iritsi zaizkigu Donostiatik eta Udaletxea eta Donostiarraren arteko hitzarmena urbil omen dago. Irutxuloko Hitzan ere albistea zabaldu dute. Azken hilabeteetan, Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak proiektua aurrera atera zedin lan egiten aritu dira, eta bien artean lan batzordeak osatu dituzte. Urkiren aldetik, Aldalur, Begiristain eta Murua izan dira batzorde horietan parte hartu dutenak eta Donostia Arraunen aldetik, Benito Elizalde, Eulogio Genova eta Joxean Jauregi izan dira batzordekide.Udala gertutik jarraitzen ari da elkarteak ematen ari diren urratsak eta hitzarmena laster sinatuta egotea espero da. Baina noizko hitzarmena? Norbait iragarpenak egiteko prest?
Zumaiarrak gizon proban nagusi! 2009/02/10
Igande eguerdian, Zumaiako arraunlariek Zumarragako taldearen kontra neurtu zituzten indarrak. Gizon proba Zumarragako Euskadi plazako probalekuan jokatu zen. Erronka, 1700 kiloko harriarekin zer koadrilak plaza gehiago egin hogei minutuan, hamabi lagunek osatutako koadriletan eta denen artean 1000 kilo baino gehiago pisatu gabe. Emaitza ezagun da, Zumaiarrek irabazi zuten, 22 plaza eta 30 zentimetrorekin. Zumarragak berriz 21 plaza, 9 zinta eta 1,52 metrorekin abenduko marka hobetzea lortu zuten. Beraz, jokoan zeuden bi mila euroak Zumaiarren patriketara joan zen. Tiraldietako bideoak ikusi nahi badituzue, http://www.otamotz.com webgunean duzue aukera.


