San Miguel liga Zumaia eta Getxora iritsiko da asteburu honetan
Larunbat honetan, TKE-San Miguel ligak Gipuzkoan egingo du lehenengo aldiz geldialdia. Larunbatean, 19:00etan hasita, Zumaiako XXIV. Ikurriña egongo baita jokoan. Bandera bakarra, eta 12 ontzi nor baino nor lehian banderaren bila.
Aurreko asteburuan sailkapenean egon ziren aldaketak kontuan izanda, sekulako garrantzia izango dute asteburuko estropadek. Castrok San Miguel ligako titulua nahiz eta esku-eskura duen, hurrengo postuetan bada nahikoa dantza. San Pedro eta Hondarribia bigarren eta hirugarren postuetan finkatu direla badirudien arren, Orio, Urdaibai eta Pedreñaren arteko ligako norgehiagoka sekulakoa da. Oriok aurreko asteburuan izandako gorakadak, ohorezko txandan egoteko txartela eskaini dio, hala eta guztiz Urdaibai eta Pedreña ez daude oso atzean.
Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, lehenego txandan irtengo diren ontziak, Arkote, Samertolameu, Tiran eta Zumaia izango dira. Sailkapen orokorraren arabera bigarren txandan egotea egokitu zaien taldeak aldiz, Kaiku, Zarautz, Pedreña eta Urdaibai dira. Eta estropadako ohorezko txanda, Orio, Hondarribia, San Pedro eta Castrok osatuko dute.
Larunbateko norgehiagokaren segida aldiz, igandean eguerdiko 12:00etatik aurrera Getxon emango zaio. Bertan Getxoko estropaden XXXI. Ikurriña egongo baita jokoan. Denboraldiaren ekuatorea behin gainditzen hasita, geratzen diren estropada guztiek sekulako garrantzia izango dute, beraz ikuskizuna eta lehia ez da faltako.
Bestalde, Etb1-en eskutik bi jardunaldi hauek zuzenean ikusi ahal izango dira, larunbatean 17:30etatik aurrera eta Getxoko igandeko estropada 11:30etatik aurrera.
Emakumeen Euskotren ligako estropadak ere jokatuko dira asteburu honetan. Larunbatean, Zumaian 18:30etan emango zaio hasera 5. jardunaldiari, igandean aldiz, Getxon 11:30etan hasiko da. Sailkapenari dagokionez badirudi ez dela aldaketarik egongo, Galiziak jarraituko duela lidergoan.


