Nabigazioa
« Otsaila 2012 »
Al As Az Og Or Lr Ig
12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
272829
 
Hemen zaude: Hasiera Berriak Archive 2009 September
 

Sarrerak: September 2009

San Praixkutako III.Trainerilla Txapelketa 2009/09/30

2008. Aginagan trainerilak jo ta ke !!

Larunbat honetan, Urriak 3, Aginagako San Praixkutako jaietan hirugarren aldiz Oria ibaia estropadetako lehiatoki bihurtuko da. Ikuspegi onena hartu nahi duenak, garaiz joan beharko du. Proba 16:30etan hasiko da. Hirugarren txapelketa honetarako 8 trainerilla elkartu nahi dituzte baina oraingoz 6 daude konfirmatuta: Aginaga, Usurbil, Orio, San Pedro, Pasai Donibane Koxtape eta Pasai Donibane beteranoak. Hondarribikoak kale egingo omen dute, urteko despedida baitute. Aginagak aurten trainerilla "potentea" osatu omen du, bertan senideak dituzten arraunlariak elkartuko baitituzte...

Elkarretaratzea "Egunkaria libre!" aldarrikatzeko 2009/09/29

Egunkaria libre

Datorren ostiralean, Urriak 2, Egunkariaren Alde Elkarteak deituta elkarretaratzea egingo da Donostiako Boulevard-ean. Elkarretaratzea eguerdiko 13:00etan egingo da. Bertan euskal kirolariek eta arraunlariek elkartasuna eskainiko diete auzipetuei. Estropa.net Kultur Elkarteak ere deialdiarekin bat egiten du eta lkartea osatzen dugunok eauzipetuei babesa eskaini nahi diegu. Deialdia irekia da eta bertan parte hartzeko deia egin dute auzipetuek eta guk ere halaxe egin nahi dugu. Argi eta ozen entzun dadin: Egunkaria Libre!

Zurrumurruak besterik ez 2009/09/27

Hurrengo denboraldirako fitxaketei dagokionez oraindik gauza handirik ez da argitara azaldu. Dirudienez, Pasai San Pedron entrenatzailea aldatuko omen dute, Gabi Larrinagak Aitor Baldaren lekua hartuko du. Castro aldean ere entrenatzailea aldatuko omen dute, Joseba Fernadezek hartuko omen du Juan Mari Etxaberen lekua. Hala ere, Castroko edozein erabaki, taldeko hauteskundeen ondoren hartuko da. Jose Angel Cambados, Castroko arraunlari galiziarrak bere herrira itzuliko da, Amegrove zuzentzera. Beste euskal taldeen inguruan ez daukagu berri handirik, Hondarribia, Orio eta Zarauzko entrenatzaileek aurtengo lanari jarraipena emango diotela dirudi. Beharbada irakurle zuk zeozer gehiago jakingo duzu. Hemen duzu aukera guztiokin konpartitzeko.

Gutxi batzuk izan dira aurten garaile 2009/09/26

Kaikuko arraunlaria lepo gainean
Traineruetako ligak amaitu dira eta asteburu honetan ez da estropadarik izango. Garai ona izan daiteke beraz kontuak egiteko eta aurtengo estropada garaileak nortzuk izan diren zenbatzeko. TKE ligari dagokionez, Castro izan dugu jaun eta jabe 13 garaipenekin, San Pedrok bi bandera irabazi ditu eta Oriok eta Pedreñak bandera bana eskuratu dute. Azterketa honetan ezingo dugu Kaiku kanpoan utzi, Kontxa eta 3 txapelketa irabazi ostean, aurtengo garaile handietako bat izan baita. KAE-1 ligari dagokionez, Astillero izan da nagusi 12 garaipenekin, Koxtapek bi bandera lortu ditu eta Santurtzik bandera bat. Honela bada, Astillero eta Koxtape TKE ligara igoko dira, Arkote eta Meiraren kalte. KAE-2 ligari dagokionez, Deustuk 8 bandera eskuratu ditu, Getxok 3 bandera, eta Trintxerpek eta Santoñak bina garaipen lortu dituzte. Deustu, Trintxerpe eta Getxo KAE-1 ligara igoko dira, Ondarru eta Portugaleteren Kalte.

Patroi onenaren saria Joseba Amunarrizentzat 2009/09/24

Joseba Amunarriz patroi onena 2009

Gaur arratsaldeko 8retan, 2009 denboraldiko Patroi Onenaren Caja Madril sari banaketa ekitaldia egin da Zarauzko Ondartza elkartean. Irakoitz Etxeberriak, Grupo Eibar Orio taldeko patroiak, pasa den denboraldiko patroi onenaren garailea izan zela zioen saria bueltatu du, eta erreplika bat jaso du. Ondoren aurtengo garaileari,Hondarribiako Joseba Amunarriz patroiari, 3.000 euroko txeke bat eta denboraldi honetako Patroi Onenaren trofeoa eman dizkiote. Amunarrizek 30 puntu lortu ditu Patroi Onenaren sailkapenean, bigarren postuan geratu den bikoteak baino 12 puntu gehiago (Castroko Iker Gimeno eta Santiago Lopez de Vicuña). Hirugarren postuan sailkatu da Pedreñako Borja Gomez patroia, 14 punturekin.

Bakea eta... 2009/09/22

Astero lez, hona gaurkoan, Gaizka Garmendiak (San Pedroko patroiak) bere txopatik, Berria egunkarian idatzi duen zutabea.

Bakea eta maitasuna azken aste honetan askotan entzun eta irakurri dut. Kontxaren ajearen ondoren, aste nekagarria izan dugu guztiok, baita zurrumurruz betea ere. Ia dena amaituta dagoenean ez da erraza entrenatzera joatea. Eta zer esanik ez bat-batean negu gorrian sartu garen honetan. 20:00etarako ilunduta. Euria, haizea eta hotza ere bai. Neguko entrenamenduen antza izan dute aurreko astekoek...

Bukatu da, bukatu da... 2009/09/22

Bai arraunzale kuttuna, bukatu da traineru denboraldia. Arraunlariek oporrak hartu dituzte eta taldeetako zuzendaritzak urteko balantzea egiten dabiltza. Baina aldi berean iritsi da datorren denboraldia prestatzeko garaia. Iritsi da fitxaketen garaia, babesleak lortzeko garaia... Zurrumurruak hasiak dira. Eta agian irakurle zuk zeozer jakingo duzu. Hemen duzu aukera guztiokin konpartitzeko. Baina adi arraunzale! opor luzeegiak ez hartu, konturatu orduko gazteen txanda iritsiko baita! Gu beti bezala hemen jarraituko dugu. Izango da zer ikusia, zer kexatua eta zeresana Kantauri itsasoko kostaldean!!

Pasai Donibane eta Astillero gorengo mailan 2009/09/20

Pasai Donibane TKE ligan berriz ere

Hurrengo urtean, Pasai Donibanek eta Astillerok, Kantauriko traineru onenekin jokatuko dute, TKE-San Miguel ligan hain zuzen ere. Hala erabaki da gaur Portugaleteko uretan. Bertan gauzak uste baino estuago izan dira. Meirak sekulako estropada egin badu ere, atzo Koxtaperekiko galdutako 20 segundoak ezin izan ditu berreskuratu. Gainera, Astillerok irabazi duenez,  Pasai Donibanek puntuetan sailkatzea lortu du. Zorionak beraz, Pasai Donibaneri eta Sanjuandar guztiei! Hona, Portugaleteko El Corte Ingléseko Play off-etako emaitzak.

Bidaiaren amaiera gorria 2009/09/20

Castro txapeldun orion

Amaitu da denboraldia. Amaitu da San Miguel-TKE liga. Amaitu da XXXV. El Corte Ingles bandera. Castroko La Marinerak lortu du gaurkoan ere XXXV. El Corte Ingles bandera eskuratzea. Estropada zeharo estua jokatu da Ibaizabalgo uretan, Hondarribiak eta Castrok sekulako lehia izan baitute. Orio izan da 2.txandan hirugarren sailkatua. Lehenengo bi maniobra puntuetan gertu izan badira ere gero atzera geratu direlarik. San Pedro haseratik geratu da atzean, eta gainera Oriori bezala 3 segundoetako zigorra ezarri diete epaileek. Pedreña izan da sailkapenean hirugarren sailkatzea lortu duen ontzia. Hemen dituzue eskuragarri eta ikusgai, denboraldiko azken estropadako emaitzak: XXXV. El Corte Ingles banderako emaitzak.

Castrok nagusi dela erakusten dihardu 2009/09/20

Castro jaun eta jabe!

Azken aurrekoa ere jokatu da. Castro izan da ia denboraldi osoan zehar nagusi, eta azken bi estropadetan ere, nagusi dela erakutsi nahi du. Gaurkoan behintzat, izan da. Biharkoa ikusteko dago. Oriotarrek lortu dute bigarren postua. Kontxako estropadak oso ondo joan ez bazaizkie ere, denboraldiko azken sprint oso ona egiten ari dira. Hondarribia kokatu da laugarren postuan 11 segundora eta San Pedrok urrutitik begiratu behar izan die hiru ontzi hauei 25 segundo gehiago behar izan baititu helmugaratzeko. Gainontzean, denboraldiko postu bakoitza talde bakoitzari dagokiona dela erakutsi dute Kantauriko trainerurik onenek, bakoitza bere sailkapen postuetan helmugaratu baita. 

Hona hemen Bermeo hiriko XXVII. ikurriñako emaitzak.

Play offei dagokionez, Pasai Donibanek lortu du ehuneneko batzuen diferentziarekin azkarren helmugaratzea, Astillerok 4 ehuneneko gehiago behar izan dituelarik. Meirak 19 segundo gehiago behar izan ditu. Faboritoek ez dute ezustekorik eman, nahiz eta Astillerok Pasai Donibane garaitzea espero. Beraz, bihar inolako ezustekorik ez badago, Pasai Donibanek eta Astillerok Kantauri itsasoko ontzi onenekin batera lehiatzeko aukera izango dute 2010. urtean. 

Hona hemen 2010. urtean San Miguel ligan jokatzeko Play-offetako emaitzak.

Bidaiaren amaiera: Portugalete 2009/09/18

Portugalete aurkezpena

Castro. Hala izango da TKE-San Miguel ligako txapeldunaren izena. XXXV. El Corte Ingles bandera irabaztea lortuko duen taldearen izena jakiteko ordea, iganderarte itxaron beharko dugu. Portugaleten jokatuko den estropadan San Miguel ligako garailea eta Caja Madril lehiaketako garailea sarituko da, estropadaro saritzen den bandera saritzeaz gain. Play offak ere jokatu dira bertan, beraz, igandean jakin ahal izango dugu 2010. urtean zein 12 traineruk osatuko duten Kantaurialdeko onenek jokatzen duten traineru denboraldia: 2010.eko TKE-San Miguel traineru denboraldia, hain zuzen.

Oribe eskultoreak egindako Traineruen koroa 2009/09/18

Caja Madrid Koroa
Igande honetan Castrok Oribe eskultore lasartearrak egindako koroa jasoko du. Oribek 2005 urtean egin zuen Kantauri eta Atlantiko Ozeanoko ontzi onenak poltsikoratzen duen lana. Oraingoz ez du inork jabetzan lortu. Koroaren jabetza lortuko du San Miguel Liga hirutan errenkadan irabazten duen taldeak. Baita urteen joan etorrian bost liga irabazten dituen klubak ere.

Bermeo, azken aurreko geldialdia 2009/09/17

Bermeo aurkezpena

Irailaren 19an arratsaldeko 16:30etan hasiko da TKE ligako azken aurreko estropada. "Berme hiriko XXVII. estropada" jokoan izango dute San Miguel ligako 8 trainero onenek. Honez gain, Astillerok, Pasai Donibanek eta Meirak, TKE-San Miguel ligara igotzeko eta mantentzeko estropada jokatuko dute. Estropada hiru txandetan antolatuko da. Lehenengoan Play Off-ak jokatuko dituzte, eta beste bi txandak San Miguel ligako sailkapen ordenean jokatuko dituzte. Castrok liga irabazita badu ere, badute ontzien zer jokatua eta zer irabazia. Besteak beste, lortuko ote du Castrok, 2005ean Astillerok lortu zuen errekorra gainditzea? Denboraldian 12 bandera baina gehiago lortzea??

Ikuskizuna 2009/09/15

Kaiku arranpla igotzen

Astero lez, hona gaurkoan, Gaizka Garmendiak (San Pedroko patroiak) Berria egunkarian, urteko estropadarik garrantzitsuenari buruz egin duen zutabea.

Kontxa ikuskizuna da, eta, 100 urtetik gora errepikatzen denean, ia arraun mundu osoa berak irensten du.

Igandeko ikuskizunak hainbat jatorri izan zuen. Lehendabizi, goizean goiz etxetik nork bere taldearen elastikoa, zapi eta txapelez jantzita Donostiara etorri ziren milaka lagunak aipatu behar. Badia, Urgull eta Santa Klara irailean dotore asko janzten dira. Uretan ere ontzi piloa biltzen da. Atzo laugarren kaleak Tourmalet zirudien. Han zen ontzi festa han. Gu gerturatu ahala ontziak atzerantz joaten ziren txirrindulariak maldan gora joaten diren antzera.

2009ko Kontxa: Kaiku txapeldun! 2009/09/14

Kaiku Kontxako txapeldun!

Kaikuk nagusitasunez irabazi du aurtengo Kontxako Bandera. Atzokoan, lehenengo jardunaldiko abantailari eutsi ezezik tarteak aise handitu zituzten eta Kortaren mutilek indartsuenak direla erakutsi zuten. Castrok bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Gipuzkoarren artean San Pedro izan zen onena, hirugarren postua lortuz. Eta Pedreñak laugarrena izan zen Hondarribiari aurre hartuz. 2009ko Kontxako Banderaren emaitzak hemen ikusi ditzakezue.

Aurten ere emakumezkoen Kontxako Bandera Galiziara 2009/09/14

Nexkak arraunean toup

Emakumezkoen II. Kontxako Bandera Galiziarentzat izan da 10:48-ko denborarekin. Astillero sailkatu da bigarren, Getaria-Tolosa hirugarren eta Zumaia laugarren. Esperantzak bagenituen baina azkenean bandera Euskal Herritik kanpo joan da, hurrengo urtean beharko du. Aupa neskak! Estropadako emaitzak hemen ikusi ditzakezue.

Getaria-Tolosak eta Zumaiak bihar emakumezkoen Kontxako estropada jokatuko dute 2009/09/12

Getaria-Tolosak, Zumaiak, Astillerok eta Galiziak jokatuko dute bihar 11:00etan emakumezkoen Kontxako II.estropada. Euskotren ligan zehar Galiziarrak nagusi izan badira ere, Zarautzen jokatu zen azken estropadan Getaria-Tolosarrek Galizarrei irabazteko gai direla erakutsi zuten. Gaurkoan 40 ehuneneko gehiago behar izan du Getaria-Tolosak, baina biharko ikusi ahal izango dugun lehia sekulakoa izan daiteke. Astillero eta Zumaiaren arteko diferentzia ere oso txikia izan da. Nork lortuko ote du emakumezkoen Kontxako bandera?

Hona emakumezkoen Kontxako sailkapen probako denborak.

Estropaden kartelak ere erakusgai Kursaalen 2009/09/11

1900-1936. Una época crucial en el cartelismo izenpean irekita dago erakusketa urriaren 4 bitartean. Kursaaleko aretoan ikusgai izango dira euskal kartelismoaren urrezko garaiko 31 lan. Jaiak, estropadak eta kirol ekitaldiak iragartzeko erabiltzen ziren kartelak egongo dira bertan, Donostiari loturikoak, baita euskal geografiako beste lekuetakoak ere. Hauez gain, Donostiako historian zehar zeresana eta garrantzia izan duten bestelako kartelak ere aurkitu daitezke. Aurelio Arteta, Rafael de Penagos, Ramiro Arrúe eta Paul Colin artisten lanak dira besteak beste kubo aretoan ikusi ahal izango ditugunak. Estropaden eta arraunaren historia atsegin dutenek oroitzapenak gogoratzeko aukera ezin hobea.

Bermeoko herri estropadak barikuan 2009/09/10

arraunean.gif

Larunbatean jokatuko da duela bi urtetatik hona urtero jokatzen den estropada. Preso eta iheslarien aldeko defentsan antolaturiko estropada herrikoi eta partehartzaileak, herriko jaien barnean izango dira antolatuak. Egitarau zabala izango da estropada aitzakiatzat harturik, izan ere estropadak arratsaldeko 17:00etan hasiko badira ere 15:00etatik aurrera izango da zer egina eta zer ikusia.

Iaz 20 batelen arteko estropada izan zen, bi txandetan banatuta. Aurten, momentuz hiru ontzi apuntatu dira, baina azken unean seguru askoz ere gehiagok emango dutela izena. 

 

Iritsi da emakumeen ordua ere 2009/09/09

Larunbat honetan izango dute emakumezko askok beraien ametsa betetzeko eguna. Kontxako badian emakumezkoen sailkatze estropada jokatuko den bigarrengo aldia izango da. Lauk soilik izango dute igandean goizeko 11:00etatik aurrera parte hartzeko aukera, eta horretarako larunbatean dena eman beharko dute.

2 txanda lauko, eta txanda bat hirukoa izango da. Guztiak aurrez-aurre jokatu beharko dute, irailaren 12an, sailkapen estropada. 18:00etan emango zaio hasiera, eta ez da afiziorik faltako.

Azken erantzunak
earra jarduna
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/28
Non: Hondarribiako zortzikoa Euskadiko distantzia luzeko txapeldun
Argazki ederrak
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/22
Non: Hondarribiako zortzikoa Euskadiko distantzia luzeko txapeldun
Senior mailako Bideoa
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/22
Non: Gipuzkoako Batel Ligaren lehen jardunaldia jokatu da Orion
irteerako ordena
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/20
Non: Gipuzkoako distantzia luzeko outrigger txapelketan Hondarribia nagusi
batel liga Orion
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/19
Non: Tolosako batel estropadetan, Tolosaldea eta Hibaika nagusi
Gehiago...
 

Plonerekin eginda

Gune hau hurrengo estandarretara egokitzen da: