Sarrerak: 04 March 2010
Muga bat gutxiago 2010/03/04
Gipuzkoak eta Iparraldeak muga bat gutxiago izango dute gaurtik aurrera. Gipuzkoako Arraun Federazioak eta Frantziako Arraun Federazioaren 64 Batzordeak hitzarmena sinatu dute, Iparraldeko Arraun Elkarteek Gipuzkoako batel eta trianerilla ligetan parte hartu ahal izateko. Lankidetza hitzarmena gaur arratsaldean sinatu dute bi federazioek Euskal Gastronomia Anaiartek Donostian duen egoitzan. Oso pozik agertu dira bi parteak eta elkarlan honekin tostako arrauna garatzeko aukera paregabea izango dute Lapurdin. Gipuzkoako Arraun Federazioko presidenteak, Iñigo Alkainek, argi utzi nahi izan du urte dezente daramatzatela akordioa lortu nahian."Hainbat urte elkarlanean aritu eta gero, akordio batera iritsi gara Frantziako Arraun Federazioko 64 batzordearekin eta alde horretatik oso pozik gaude zeren eta arraunaren garapenean pauso handia izango dela uste dugu. Esker mila guztioi eta batez ere, Ur Joko eta Endaika taldeei". Iñaki Galdos, Gipuzkoako kirol diputatuaren arabera urrats handia eman dute bi federazioek."Mugaz gaindiko lana dela esatea ez da komeni zeren eta mugarik ez dago baina sinatutako lankidetza hitzarmena aurrerapauso handia da arraunarentzat". Kirola adibide garbia dela azpimarratu du."Kirolaren arloan lortzen ari dena ez da beste bizitzako arloetan lortzen eta horrek erakusten du posible dela harremanak izatea ondokoarekin gauza amankomun bat sustatzeko eta garatzeko". Iparraldea eta hegoaldea gertuago egongo dira arraunean.
Batelak Gipuzkoan eta Bizkaian 2010/03/04
Larunbatean, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batel ligako 5.jardunaldiak jokatuko dira Trintxerpen eta Sestaon. Aurreko asteko jardunaldiak bertan behera geratu ziren ziklogenesiarengatik. Oraingoan ematen du ez dela arazo handirik egongo jardunaldia ospatzeko. Bi estropada eremuak barrualdean aurkitzen dira eta horrek aukera gehiago emango ditu estropadak jokatzeko. Gipuzkoan, hirugarren estropada izango da batelentzat. Lehengo astekoa eta Kontxan jokatu behar zen jardunaldia suspenditu egin zen eguraldia txarrarengatik. Bizkaian, aldiz, laugarren estropada izango da. Negu gogorra izaten ari da arraunarentzat. Udaberria ate joka dugu eta espero dugu hemendik aurrera arazo handirik ez izatea.


