Sarrerak: April 2010
Edorta de Anta oriotarra, Arraunketa Egokituko estropadetan lehiatuko da Italian 2010/04/30
Bihar eta etzi, Italiako Gavirate herrian, Arraunketa Egokituko Nazioarteko estropadak jokatuko dira eta bertan, Edorta de Anta oriotarra parte hartuko du. Aurreneko aldiz arituko da nazioarteko estropada batean. Banyoles-en jokatu zen aulki mugikorreko proban lortu zuen Italiarako txartela. Estropadak larunbatean eta igandean jokatuko dira. Arraunlariek entrenatzaileen laguntza izango dute ohikoa den moduan. Estropada hauen ondoren jakingo da ze arraunlarik izango diren maiatzaren bukaeran Munduko Kopan parte hartuko dutenak.
Aulki mugikorreko Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak 2010/04/30
Asteburu honetan aulki mugikorreko Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak jokatuko dira. Bihar Gipuzkoako Txapelketa ospatuko da Orion. Proba arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Mutilen zortzikoetan hiru taldek parte hartuko dute: Santiagotarrak, Orio eta Hondarribia. Aurreko urtean berdeek irabazi zuten txapelketa. Igandean, berriz, Euskadiko Txapelketa jokatuko da Soustons-en. Goizeko 10:00etan emango zaio hasiera txapelketari eta bertan, mutilen zortzikoetan sei taldek parte hartuko dute. Lehen aipatutako hiru talde gipuzkoarrak eta Donostia Arraun Lagunak taldea eta bizkaiko Raspas eta Getxok. Euskadiko Txapleketa eskuratzeko hautagai nagusienak Orio eta Hondarribiko aulki mugikorrak dira. Azkeneko urteetan beraiek izan dira Euskadiko Txapeldunak eta aurten ere gauzak ez badira asko aldatzen beraientzat izango da garaipena.
Trainerilla Ligetako 2. eta 3.jardunaldiak 2010/04/30
Bihar eta etzi, Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Ligetako 2. eta 3.jardunaldiak jokatuko dira. Gipuzkoan bihar, 2.jardunaldia ospatuko da Donostian goizeko 11:00etatik aurrera. Eta etzi, igandean, Getariako uretan goizeko 11:00etan. Aurreneko jardunaldian Hondarribiko trainerilla izan zen azkarrena Zumairen aurretik. Bizkaian, Lekeition jokatuko dira asteburuko bi jardunaldiak. Bi estropadei goizeko 10:30etan emango zaio hasiera. Lehenego jardunaldian Bermeo izan zen garailea. Gipuzkoan lehia estuagoa izatea espero da trainerillen artean aurreko astean ikusitakoaren arabera. Bizkaian, Bermeoko trainerilla izango faborito nagusiena.
Luxia Olasagasti, Zumaiako entrenatzailea:"TKE Ligako maila geroz eta handiagoa da" 2010/04/29
Espainiako Txapelketa ere bai 2010/04/28
Irrifartsu itzuli dira Galiziatik Zumaiako jubenil mailako neskak. Igandean urrezko domina lortu zuten asteburuan zehar Ferrolen jokatu den Espainiako Batel Txapelketan. Libana Taboada, Nerea Eizagirre, Olatz Arrizabalaga eta June Aranbarri arraunlarien eta Nagore Osoro patroiak osatutako taldeak maila ezinhobea eskaini du Ferroleko uretan eta horri esker garaipena lortu zuten bai larunbateko eta bai igandeko estropadetan. Lehenengoan hamabost segunduko aldea lortu zizkioten zumaiarrek Ribadeira txapeldun galiziarrari eta igandean, abantaila lau segundukoa izan zen arren, urrea etxera ekartzea lortu zuten. Gipuzkoako Liga eta Txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta Espainiakoa irabazi dute Zumaiako neskek.
ITURRIA: Mundodeportivo eta Baleike
Illunberen eraikina udan botako dute 2010/04/27
La Herrera iparraldearen 47.390 metro koadroko azalera pixkanaka libre gelditzen ari da. Jaizkibitik adierazi dutenez, eraispen fasea uda arte luzatuko da; izan ere, udan Trintxerpe-Illunbe Arraun Elkartearen eraikina botako dute. Hala, azken asteotan kaitik gertu dauden eraikinak eta pabilioiak botatzen ari dira, eta aurrerago Gomistegitik hurbil daudenak botako dituzte. Ziriza Etxea, alkateordetza, azoka, eta postetxea soilik geratuko dira bota gabe. Horrela, Illunbek instalazio berriak izango ditu.
ITURRIA: Oarsoaldeko Hitza
Beteranoen Ligako aurreneko estropada Lutxana-Deusturentzat 2010/04/26
Larunbatean Hendaian jokatu zen Txingudiko II.Ikurriñan, Lutxana-Deustok lortu zuen garaipena. Beteranoen Ligako lehenego jardunaldia ospatu zen eta bertan bizkaitarrak izan ziren azkarrenak. Bigarren tokian Arkote iritsi zen 9 segundotara eta hirugarren postuan Getxo 10 segundotara. Etxeko taldea, Endaika, laugarren postuan sailkatu zen. Beraien txandan Sestaoren aurretik iristea lortu zuten, nahiz eta estropada guztian zehar atzetik joan. Horrela, aurreneko sei puntuak Lutxana-Deustok eskuratu ditu. Beteranoen Liga hasi besterik ez da egin eta ikusi beharko da taldeek nola erantzuten duten denboraldian zehar. Emaitzak eta sailkapenak:
1.Lutxana-Deustu:13.28
2.Arkote:13.37
3.Getxo: 13.38
4.Endaika: 13.59
5.Sestao: 14.03
6. Ibaialde: 14.30
ITURRIA: Todoremo.com
Hondarribiko zortzikoa nagusi 2010/04/26
Hondarribiko senior mailako zortzikoak garaipena eskuratu zuen atzo Soustons-en jokatu zen Euskal Ligako aulki mugikorreko proban. Orio bigarren postuan sailkatu zen hiru segundotara. Estropada atzerapenarekin hasi zen, irteeran egon ziren arazoengantik. Hirugarren tokian Getxo Arraun iritsi zen 11 segundotara. Asteburu honetan bi proba garrantzitsu jokatuko dira. Larunbatean Gipuzkoako Txapelketa Orion eta igandean Euskadikoa Soustons-en. Hondarribia eta Orio izango dira hautagai nagusienak txapelketak irabazteko.
Zumaiako nesken garaipen handia Espainiako Batel Txapelketan 2010/04/25
Jubenil mailako Zumaiako neskek sekulako garaipena lortu dute gaur goizean Ferrolen jokatu den Espainiako Batel Txapelketan. Euskal garaipen bakarra izan da eta estatu mailan onenak direla erakutsi dute zumaiarrek. Robailera batelari lau segundo atera dizkiote eta Chapela Arraun Taldeko batelari sei segundo. Hurrengo sailkatua, Villaxoan taldea, 22 segundora iritsi da. Nahiz eta garaipen bakarra izan, beste mailetan ere euskal taldeek podiumera igotzea lortu dute. Senior mailan Bermeoko mutilen batela hirugarren tokian sailkatu da eta Kaiku laugarrena izan da. Mutiletan, Jubenil mailan Arkotek laugarren postua lortu du eta Elantxobek bosgarrena. Infantil mailan Deustuk brontzezko domina eskuratu du. San Juanek laugarren postuan amaitu duelarik. Kontsolazio estropadetan euskaldunen presentzia nabariagoa izan da. Neskei dagokienez, haurren mailan, Hibaikak eta Tolosaldeak hirugarren eta laugarren postuak lortu dituzte. Jubenil mailan, Tolosaldeak bigarren postua eskuratu du. Eta senior mailan, Tolosaldea izan da aurrena, ondoren Kaiku eta San Juango batelak sailkatu dira. Mutiletan berriz, infantil mailan, Ondarruk lortu du aurreneko postua. Eta Kadete mailan Illunbe izan da azkarrena, hirugarrena Getaria izan delarik.
Urdaibai "B" trainerillarentzat garaipena Bizkaiko Ligan 2010/04/25
Atzo Ondarroan jokatutako Bizkaiko Trainerilla Ligako aurreneko jardunaldian, Urdaibai "B"-k lortu zuen garaipena. Bigarren postuan, talde bereko trainerilla sailkatu zen, Urdaibai "A" alegia. Bermeoko taldea sekulako maila ematen ari da modalitate ezberdinetan. Traineruan, trainerilletan eta bateletan ezin hobeto ari dira. Jose Manuel Francisco lan bikaina egiten ari da Urdaibaien oraingoz eta lortutako emaitzei erreparatuz, faborito nagusiak dira udaran banderak lortzeko. Guztira 20 trainerilla izan ziren parte hartu zutenak. Mutilen jubenil mailan, etxekoak izan ziren onenak. Ondarrutarrek erreztasun handiarekin lortu zuten gailentzea. Emaitzak eta sailkapenak.
Hondarribiren garaipen estua Zokoan 2010/04/25
Gaur goizean, Zokoan jokatu den Gipuzkoako Trainerillako 1.jardunaldian Hondarribiak lortu du garaipena senior mutilen mailan, Zumaiari zentesima batzuengandik gailendu ostean. Lehia estua izan dute bi trainerillek baina azkenean berdeentzat izan da estropada. Hirugarren postuan eta hiru segundotara Zarautz sailkatu da. Bateletan ez zuten maila ona eman baina trainerilletan gaur ikusitakoaren arabera, onenekin lehiatzeko gai dira Hegoi Intxausperen mutilak. Laugarren postuan San Pedro iritsi da bost segundotara eta bosgarren postuan Orioko trainerilla zortzi segundotara. Aurreneko bost sailkatuen artean tarte txikiak egon dira. Gipuzkoako Federazio Kopan (Ligatik kanpo) Zumaia "B" trainerilla izan da azkarrena, alde handiarekin gainera. Bigarren sailkatuari, Zarautz "D"-ri 25 segundo atera dizkio. Emakumezkoetan Getaria "A"-k lortu du garaipena. Zumaia "A" eta San Juan "A", bigarren eta hirugarren postuan sailkatu dira. Mutilen jubenil mailan San Pedrok lortu du gailentzea. Hemen ere garaipen estua lortu dute moreek. Bigarren sailkatuari, San Juaneri, segundo bakarra atera die. Emaitzak eta sailkapenak.
Beteranoen Txingudiko II.Ikurriña Hendaian 2010/04/23
Igandean, Beteranoen Ligari hasiera emango zaio Hendaian. Bertan Txingudiko II.Ikurriña ospatuko da goizeko 11:30etatik aurrera. Sei taldek hartuko dute parte: Getxo, Arkote, Lutxana-Deustu, Ibaialde, Sestao eta Endaika. Estropada eremuak 3.600 metroko luzera izango du eta ontziek sei luze eta sei ziaboga burutu beharko dituzte. Hiru txanda izango dira eta txanda bakoitzean bi traineru aterako dira. Aurreko urteko sailkapena kontuan hartuta irtengo dira. Horrela, lehenengo txandan Endaika eta Sestao aterako dira, bigarren txandan Ibaialde eta Lutxana-Deustu eta hirugarrenean Arkote eta Getxo. Estropada Endaika Arraun Elkarteak antolatzen du.
ITURRIA: Todoremo.com
"Zarauzko Arraun Elkarteak 25 urte - 1983-2008" liburua laster salgai 2010/04/22
Xabier Etxabek idatzitako "Zarauzko Arraun Elkarteak 25 urte - 1983-2008" liburua laster jarriko da salgai Zarauzko Garoa liburudendan eta Casa Urquian. Zarautz Arraun Elkartearen nondik norakoak azaltzen ditu liburuak. Azken urteotan maila bikaina eman du Enbata ontziak. TKE Ligan Zumaian lortutako bandera, Kontxan 2006an eta 2007an lortutako 4.postua eta 2007an eskuratutako Gipuzkoako Txapelketa dira zarauztarren garaipen garrantzitsuenak. Denboraldi honetarako baja dezente izango ditu klubak eta TKE Ligan mantentzea izango da Hegoi Intxauspek gidatzen duen taldearen helburu nagusiena.
Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Ligako 1.jardunaldiak 2010/04/22
Asteburu honetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Ligako 1.jardunaldiak jokatuko dira. Aurreko astean eman zitzaion hasiera trainerilla denboraldiari Zumaian, San Telmotan ospatu zen estropadarekin. Orain, berriz, probintzietako ligekin hasiko da garrantzitsuena. Gipuzkoan, Zokoan jokatuko da ligako aurreneko proba. Igandean goizeko 11:30etatik aurrera hasiko dira estropadak. Bizkaian, aldiz, larunbatean Ondarroan emango zaio hasiera ligari arratsaldeko 16:00etan. Maiatza osoan trainerillak izango dira protagonista nagusienak arraunaren munduan. Maiatzaren 29an eta 30ean Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da, eta ekainaren 5ean eta 6an, berriz, Espainiako Trainerilla Txapelketa.
Hondarribiko aulki mugikorrek emaitza bikainak lortu dituzte Cazaubonen 2010/04/21
Aurreko asteburuan, Cazaubonen (Frantzia) jokatu ziren aulki mugikorreko nazioarteko estropadetan, Hondarribiak emaitza ezinhobeak lortu zituen. Guztira 11 urrezko, zilarrezko 9 eta brontzezko 2 domina eskuratu zituzten gipuzkoarrek. Domina gehien lortu zituen elkartea izan zen eta sailkapen orokorrean puntu gehien eskuratu zituenak. Senior mutilen mailako zortzikoak garaipena lortu zuen, Oriori, bigarren sailaktuari 9 segundo atereaz. Jubenil mutilen eta senior nesken mailako zortzikoek ere gailentzea lortu zuten. Kontuan hartuta Frantziako taldeek duten ospea, hondarribitarrek maila bikaina eman zuten Cazaubonen. 80 arraunlariekin parte hartu zuen Hondarribiak, arraunlari gehien eraman zuen kluba izan zelarik. Alebin, infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan, neske-mutilekin aritu ziren.
Espainiako Batel Txapelketa Ferrolen 2010/04/21
Asteburu honetan Espainiako Batel Txapelketa ospatuko da Ferroleko uretan, Galizian. Larunbatean arratsaldeko 17:00etan emago zaio hasiera txapelketari eta igandean, finalen egunean, goizeko 10:00etan. Bertan, euskal taldeek parte hartuko dute. Klub batzuk uko egin diote parte hartzeari baina hala ere, euskal ordezkariak egongo dira Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako batelekin lehiatzeko. Guztira 67 batel eman dute izena Espaniako Txapelketan jarduteko. Mutilen senior mailan Bermeo (Euskadiko Txapelduna), Kaiku eta San Juan izango dira euskal ordezkariak. Nesken absolutu mailan Tolosaldea, San Juan eta Kaiku. Mutilen jubenilen mailan Arkote, Elantxobe eta Tolosaldea. Jubenil nesken mailan Zumaia eta Tolosaldea. Mutilen kadete mailan Mundaka, Illunbe eta Getaria. Infantil mutilen mailan Deusto, San Juan eta Ondarroa. Eta nesken haur mailan Hibaika eta Tolosaldea.
Andoni Magan, San Pedroko jubenileko arraunlaria:"Nire ametsa San Pedrorekin Kontxa irabaztea da" 2010/04/20
16 urte ditu. San Pedroko jubeniletan ari da arraunean. Arrauna sentitu eta maite duela antzematen zaio. Gauzak argi ditu, badaki zer nahi duen eta non dagoen. Gogo eta ilusio handiarekin dago. Goi-mailara iristeko lan asko egin behar duela aitortzen du baina aldi berean konbentzitua dago etorkizunean San Pedrorekin garaipen handiak lortuko dituela.
Castroko trainerilla garaile Zumaian 2010/04/19
Atzo Zumaian jokatutako XXVIII.Trainerilletako San Telmo Sarian, Castroko trainerilla izan zen azkarrena. Bigarren postuan, Orio sailaktu zen lau segundotara. Oriorengandik segundo bakar batera Hondarribia iritsi zen eta laugarren tokian San Pedro helmugaratu zen 11 segundotara. Ondoren Zumaia "B" eta Zumaia "A" iritsi ziren, etxeko taldeak. Horrela, trainerilla denboraldiari hasiera eman zitzaion. Zumaian ospatu den estropadaren ondoren probintzietako ligak hasiko dira asteburu honetan. Maiatza guztian zehar trainerillak izan dira protagonista nagusienak arraunaren munduan. Emaitzak eta sailkapenak:
Bermeoko batela Euskadiko txapelduna 2010/04/19
Bermeoko batelak eskuratu zuen garaipena atzo Euskadiko Txapelketan. Mutilen senior mailan nagusitu ziren Jose Manuek Franciscoren mutilek. Hala ere, lana gogotik egin behar izan zuten bandera lortzeko. Kaikuri segundo bakarra atera zion Bermeok eta San Pedro eta San Juango batelei 6 eta 13 segundo. Kaikuk sorpresa emateko zorian egon zen azkeneko luzean baina Bermeok lortutako abantaila ezin izan zuten berreskuratu. Mutilen jubenil mailan Arkoterentzat izan zen garaipena Elantxobeko batelaren aurretik. Kadete mutilen mailan Mundakak lortu zuen gailentzea Illunberi zentesima batzuk atera ostean. Infantil mutilen mailan Deustuko batela izan zen azkarrena San Juan bigarren postuan sailkatu zelarik. Jubenil/senior nesken mailan Tolosaldeko batelak lortu zuen garaipena, junior nesketan Zumaiak eta haur nesken mailan Hibaikak.
Bermeo, San Juan, Kaiku eta San Pedro finalean 2010/04/17
Euskadiko Batel Txapelketako sailkatze estropadan Bermeo, San Juan, Kaiku eta San Pedroko batelak sailkatu dira bihar Sestaon jokatuko den finalerako mutilen senior mailan. Denbora onena Bermeok lortu du. Segundo batera San Juango batela iritsi da. Hirugarren postuan Kaiku sailkatu da 6 segundotara eta azken sailkatua, San Pedro, bederatzi segundotara iritsi da. Lehia estua izango dute batelek bandera lortzeko. Mutilen jubenil mailan Elantxobeko batela izan da azkarrena. Berarekin batera Arkote, Orio eta Tolosaldea sailkatu dira finalerako. Kadete mutilen mailan Getaria, Mundaka, Illunbe eta San Juan sailkatu dira. Infantil mutilen mailan Deusto, Ondarroa, San Jua eta Zarautz izan dira finalerako txartela lortu duten batelak. Jubenil/senior nesken mailan Tolosaldea, Getaria, San Juan eta Zumaia eta haur nesken mailan Hibaika, Orio, San Pedro eta Tolosaldea sailkatu dira. Bihar 11:00etan hasiko dira estropadak gaur jokatu diren eremu berdinean. Sailkatze estropadako emaitzak eta sailkapenak.


