Sarrerak: May 2010
Kaikuko trainerilla, euskadiko onena 2010/05/30
Kaikuk eskuratu du garaipena gaur arratsaldean Getarian jokatu den Euskadiko Trainerilla Txapelketan. Erabateko nagusitasunarekin lortu dute gailentzea Jose Luis Kortaren mutilek. Bigarren postuan Orio sailkatu da 11 segundotara. Hirugarren tokian Hondarribia iritsi da 18 segundotara eta laugarren postuan San Pedroko trainerilla. Moreek bigarren ziabogan kateatuta geratu dira eta denbora dezente galdu dute. Federazio saria Santurtzik irabazi du. Jubenil mutilen mailan Elantxobek lortu du urrezko domina. Bigarren postuan Ondarru helmugaratu da 28 segundotara eta hirugarren postuan San Pedro 33 segundotara. Arkotek lortu du garaipena federazio sarian. Nesken mailan, Getariako neskek lortu du Euskadiko Txapelketa. Sanjuandarrak bigarren postuan sailkatu dira 8 segundotara eta hirugarren tokian Zumaia 10 segundotara. Federazio sarian Orio izan da azkarrena. Hurrengo asteburuan Espainiako Trainerilla Txapelketa jokatuko da Villaxoanen (Galizia).
Juan Mari Lujanbio izango da "Donostiarra" traineruko patroia 2010/05/29
Historiko bat itzuliko da arraun mundura denboraldi honetan: Juan Mari Lujanbiok izango du Donostiarra-ren lema gidatzeko ardura. Patroi beteranoak eta klubak tratua itxi dute, eta 49 urteko lemazaina joango da Donostiako ontziaren txopan. Urtebeterako hitzarmena egin dute. Oso ibili luzea egin du Lujanbiok. Makina bat klubetan jardun izan du patroi lanetan: San Juanen, Urdaibain, Castron, Astilleron eta Pedreñan. Donostian lehendik ere izana da, Arrauneko txopan egon delako. Garaipen sorta handia du-Kontxako bandera bost bider irabazita dauka-, eta orain, Donostiarra-ren mesedetan jarriko ditu bere jakinduria eta esperientzia. Pasaitarra oso pozik azaldu da aukera honekin:"Arraunera berriz itzultzeko modua da, eta gustura nago". Klubak berak jakinarazi duenez, Lujanbiori asko gustatu zaio egitasmoa. Lemazainak berak esan duenez, "trainerua Kantauriko ontzi onenen albora eramateko indar guztia" jarriko du. Debuta ekainaren 26an egingo du lehiaketa ofizialean, KAE1 ligako lehen estropadan, Gipuzkoako hiriburuan bertan. Bi urte da arrauna utzi zuela, baina kirolari lotuta jarraitu du, txakur-kross delakoan aritu baita azken hilabeteetan. Horretan ere onenen artean aritu da. Orain, berriz ere traineruan sartuta ikusi ahal izango da Lujanbio beteranoa.
ITURRIA: www.berria.info
Euskadiko Trainerilla Txapelketa Getarian 2010/05/28
Asteburu honetan Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da Getariako uretan. Bihar, arratsaldeko 17:00etan sailkatze estropadak jokatuko dira, eta etzi ordu berean finalak. Mutilen senior mailan Orio eta Kaiku dira txapelketa eskuratzeko faborito nagusienak. Gipuzkoako eta Bizkaiko Ligako garaileek, San Pedrok eta Bermeok, finalean sartzeko helburua argia dute eta banderan lehian egon nahi dute biak. Nesketan, Getariako trainerilla da hautagai nagusiena urrezko domina lortzeko. Bizkaitik Kaikuk eta Arkotek soilik parte hartuko dute. Jubeniletan, Elantxobe eta Getaria dira faborito nagusienak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Txapelketan ikusitakoaren arabera. Euskadikoa jokatu ondoren, Espainiakoa ospatuko da Villaxoanen (Galizia).
Hotel Naval, Kaikuren babesle berria 2010/05/27
Sestaoko Naval hotela Kaiku Arraun Elkarteko babesle berria izango da denboraldi honetarako. Akordioa urtebetekoa izango da, baina urte bukaeran berritzeko aukera izango dute bi aldeek. Nahiz eta krisi garaian egon, babesle berriak bilatzen jarraitzen dute taldeek beraien ahalmen ekonomikoa indartzeko. Arraun Elkartea hazteko alde guztien laguntza ezinbestekoa du eta horregatik jasotako babesa eskertzen du Kaikuk.
San Pedro irabazle Gipuzkoako Trainerillen Ligako Senior Mailan 2010/05/25
Zazpi jardunaldiren ondoren, bukatu da Gipuzkoako Trainerillen Liga, eta Senior Mailan San Pedrok irabazi du, 70 punturekin. Donostian egin zuten azken jardunaldian laugarren izan ziren moreak, baina aurretik zuten abantaila baliatu dute liga irabazteko. Maila berean, sailkapen orokorrean San Juan laugarrena izan da, Trintxerpe-Illunbe zortzigarrena, eta Hibaika hamargarrena. Herenegun, bestalde, Gipuzkoako Trainerillen Txapelketa jokatu zuten. Larunbatean sailkapen probak egin zituzten, eta herenegun dominak erabakitzeko lehiak egin zituzten. Horrela, Gipuzkoako txapeldun Orio izan zen, eta San Pedro, berriz, txapeldunorde.
ITURRIA: www.oarsoaldekohitza.info
Entrenatzeko modu berriak 2010/05/25
Arraunean gauza asko aldatu dira azkeneko urteotan, horien artean entrenatzeko moduak. Horren adierazle, J.M.Azkuek atzo Zarautzeko entrenamenduan grabatutako irudiak dira. Traineruaren popa aldean zama zeramatela entrenatu zuten zarauztarrek. Ontzian pisu gehiago eramanez jardun ziren. Entrenamenduei etekin gehiago ateratzeko idei berritzaile asko zabaltzen ari dira, eta arrauna horien lekuko izan nahi du. Ikusi beharko da formula berritzaile hauek balio handia duten edo alde batera uzten diren.
Bideoa ikusteko: www.youtube.com
Urumea ibaiaren ertzetik 2010/05/24
Tornozulotik blogatik ateratako artikulua.
Sarri asko, udako goi mailako arraunketa besterik ez dugu izaten donostiarrok kontuan: Kontxako Banderaren garaian akordatzen gara Donostiako traineruaz, apenas inporta zaigun liga, agian jakin ere ez dugu egingo trainerilla eta batela existitzen direnik ere, eta Oxford-Cambridge lehiari arreta gehiago eskaintzen diogu Londresen gure arraunlariek egindakoari baino. Arlo mediatikoak garrantzi nabarmena duen garai honetan, ahaztu egiten zaizkigu arraunak dituen beste hainbat eta hainbat alderdi. Isileko ahalegin eta lan ugari egiten dute Donostiako klubek, modalitate eta adin askotan, nahiz eta izeberg horren puntta besterik ez den ailegatzen herritarengana. Hori dena etorri zitzaidan burura atzo, Urumea ibaiaren ertzean paseatzen ari nintzela. Mikel Laboa pasarelatik Loiola aldera egin duten bide berria Ur-Kirolak klubaren egoitzatik igarotzen da, eta oso gustagarria izan zen niretzat atzo han zen ikuskizuna: edozein adinetako gizon eta emakume, mutil eta neska, entrenatzen, arraunkera lantzen, eta noski, arraunketaz gozatzen. Gozamendua baita lanaren oinarria
Orio eta Kaikurentzat Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketak 2010/05/23
Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Txapelketetan Oriok eta Kaikuk lortu dute garaipena gaur goizean Mutrikun eta Ondarroan jokatu diren estropadetan. Atzo denbora onena egin zuten bi trainerillek eta gaurkoan ere indartsuenak direla erakutsi dute. Kaikuk erreztasun handiarekin irabazi du estropada. Bigarren sailkatuari, Bermeori, 21 segundo atera dizkio. Oriok, berriz, lau segundoko aldearekin lortu du gailentzea. Bigarren postuan San Pedroko trainerilla iritsi da. Federazio sarian sanjuandarrak izan dira azkarrenak. Bigarren tokian Zarautz sailkatu da 26 segundotara. Jubenil eta nesken mailan, Getaria nagusitu da. Bizkainan, jubeniletan, ehunenengatik lortu du gailentzea Elantxobeko trainerillak. Arkoterekin sekulako lehia izan dute, eta nahiz eta plentziatarrek aurreneko ziabogetan lehenak izan, Elantxobek azkeneko luzean aurrea hartu die eta garaipena eskuratu dute. Hurrengo asteburuan Euskadiko Trainerilla Txapelketa ospatuko da Getariako uretan. Gipuzkoako emaitzak eta Bizkaiko emaitzak.
Orio eta Kaiku azkarrenak 2010/05/22
Orio eta Kaikuko trainerillek denbora onena egin dute gaur arratsaldean jokatu diren estropadetan. Gipuzkoan oriotarrek lortu dute garaipena. San Pedro bigarren postuan iritsi da bost segundotara. Horrela, moreek liga eskuratu dute horien aurretik. Orio eta San Pedrorekin batera Hondarribia eta Zumaia lehiatuko dira bihar finalean. Nesketan eta jubeniletan Getariak eskuratu du garaipena. Ligan aurreneko postuan amaitu dute bi trainerillek. Bizkaian Bermeo zen faborito nagusiena baina Kaikuk sekulako estropada burutu du eta 23 segundo atera dizkio Bermeori. Alde handiarekin gailendu dira Jose Luis Kortaren mutilak. Jubeniletan Elantxobe izan da azkarrena, Arkote eta Ondarruren aurretik. Nesketan Kaiku izan da onena. Bihar goizen txapelketako finalak jokatuko dira, Mutrikun 11:30etan eta Ondarroan 11:00etan. Gipuzkoako emaitzak eta Bizkaiko emaitzak.
2005eko Kontxako Banderan lortutako emaitzek ez dute aldaketarik jasango 2010/05/21
Pedreñak 2005ean Kontxan lortutako emaitzen aurka jarritako apelazio-errekurtsoa gutxietsi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. 2008ko ekainaren 23an Donostiako administrazio-kontentsiozoko epaitegiak emandako epaiaren kontra jarri zuen errekurtsoa talde kantabriarrak. Epai honen aurkako errekurtsorik ezingo da burutu. Beraz, Hondarribiak lortutako garaipena bere horretan jarraituko du. 2005eko Kontxako kontsolazio txandan hartu zuen parte Pedreñak, Orio, Cabo da Cruz eta Pasai Donibanerekin batera. Itsaso zakarra izan zuten traineruek. Estropada amaieran, badiaren sarreran Pedreñak eta Oriok tira-birak izan zituzten. Pedreña atzetik zetorrela arraunek elkar jo zuten. Oriok estropada inpugnatu zuen esanez bere kalean sartu zirela. Erabaki honek hasiera batean ez zuen garrantzia handirik izango, baina ohorezko txandan itsaso zakarragoa eta haize gehiago izan zuten Hondarribiak, Astillerok, Arkotek eta Castrok, eta kontsolazio txandan lortutako emaitzak hobeak izan ziren. Denbora onena Pedreñak egin zuen, baina epaileek kanporatu egin zuten, eta erabaki horren ondorioz, bigarren sailkatuari, Hondarribiari eman zioten bandera.
Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Txapelketak 2010/05/21
Bihar eta etzi Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Txapelketak jokatuko dira Mutrikun eta Ondarroan. Ligetako azkeneko jardunaldiak ospatuko dira bihar sailkatze estropadekin batera, beraz, bihar jakingo dira zeintzuk izango diren ligako txapeldunak. Gipuzkoan, San Pedrok hiru puntuko aldea ateratzen die Orio eta Hondarribiri, eta Bizkaian Bermeok arazo handirik gabe eskuratuko du liga. Igande goizean finalak jokatuko dira. Bizkainan faborito garbi bat dago, Bermeoko trainerilla. Gipuzkoan, aldiz, lehiatuagoa izatea espero da. Hautagai nagusienak bandera eskuratzeko San Pedro, Orio eta Hondarribiko trainerillak dira.
GIPUZKOA: Larunbata (16:30), Igandea (11:30).
BIZKAIA: Larunbata (16:00), Igandea (11:00).
Hondarribiko aulki mugikorrek 3.postua lortu zuten Banyolesen 2010/05/19
Aurreko asteburuan "Open Internacional de Catalunya" aulki mugikorreko probak jokatu ziren Banyolesen. Kadete, jubenil eta senior mailan jardun ziren taldeak. 34 elkartek parte hartu zuten estropadetan. Horietatik, 6 talde euskaldun. Puntuaketa orokorrean Hondarribia izan zen lehena, 3.postua lortuaz. Kontuan hartuta hondarribitarren senior mailako zortzikoak ez zuela parte harzerik izan, emaitza oso onak eskuratu zituzten hondarribitarrek. Oriok 11.postuan amaitu zuen proba. Getxo Arraun taldeak eta Itsasoko Amak 14. eta 18. postua lortu zuten, hurrenez hurren. Donostiako Ur-Kirolakek 21.postuarekin konformatu behar izan zuten eta Karmeleko Amak postu bat atzerago gelditu zen.
Ondarroak bazkide berriak lortzeko kanpaina burutuko du larunbatean 2010/05/18
Larunbatean Bizkaiko Trainerilla Ligako azken jardunaldia eta txapelketarako sailkatze estropadak jokatuko dira Ondarroan. Horrela, Ondarroako Arraun Elkarteak estropadak herrian bertan ospatzen direla aprobetxatuz, bazkide berriak lortzeko kanpaina burutuko du. Larunbatean, Ondarroako alamedan, goizeko 10etatik 14etara Arraun Elkarteko bazkide egiteko aukera egongo da. KAE 2 Ligan arituko dira denboraldi honetan ondarrutarrak. Aurreko urtean KAE 1 Ligan jardun ziren baina 11.postuan amaitu eta gero, KAE Elkarteko bigarren mailara jeitsi zen talde bizkaitarra.
Jardunaldi baten faltan, San Pedro lider da trainerillen ligan 2010/05/18
Jardunaldi bat besterik ez da falta Gipuzkoako Trainerillen Liga bukatzeko. Horrela, asteburuan izan diren bi jardunaldien ondoren, San Pedrok lider jarraitzen du gizonen Senior Mailan, 60 punturekin. Joan den larunbatean Orion jokatu zuten seigarren jardunaldian Orio nagusitu zen. San Pedrok Orio baino zazp segundo gehiago behar izan zituen. Igandean, berriz, zazpigarren jardunaldia jokatu zen Donostiako Kontxako badian. Estropada honetan ere Orio izan zen azkarrena, Hondarribia eta San Juanen aurretik. San Pedrok laugarren postuan amaitu zuen, ziabogan izandako arazoen ondorioz. Trainerillen ligako azken estropada Mutrikun jokatuko dute larunbatean. Era berean, Gipuzkoako Trainerillen Txapelketako sailkapen probak jokatuko dituzte.
ITURRIA: Oarsoaldeko Hitza
Bermeo "B"-k ez du hutsik egiten 2010/05/16
Bermeo "B" trainerillak ez du hutsik egiten. Atzo garaipena lortu zuen eta gaur ere lehenak izan dira Elantxoben. Bermeok liga eskuetan du eta hurrengo astean liga irabazteaz gain, Bizkaiko Txapelketa eskuratu dezakete. Kaikuko trainerillek bigarren eta hirugarren postuan sailkatzea lortu dute eta Bermeoko trainerilla bakarra izan dute aurretik. Hala ere, zaila izango dute Bermeo "B"-ri aurre egitea. Hurrengo astean izango dute aukera. Nesketan Kaikurentzat izan da garaipena eta jubeniletan Ondarrurentzat. Elantxobeko jubenilak bigarren postuarekin konformatu behar izan dute bere zaleen aurrean. Hurrengo asteburuan, ligako azken jardunaldia eta Bizkaiko Txapelketa jokatuko dira Ondarroan. Jardunaldiko emaitzak eta sailkapenak.
Orio berriro nagusi 2010/05/16
Oriok bigarren garaipena erdietsi du Donostian. Asteburuko bi jardunaldietan nagusitu dira oriotarrak eta hurrengo asterako indartsu daudela erakutsi dute. Gaurkoan bi segundoako aldearekin lortu dute gailentzea horiek. Hondarribiak bigarren postuan amaitu du. Ligan, Orio eta Hondarribia, 57 punturekin daude berdinduak bigarren tokian, liderrarengatik hiru puntura. San Pedro laugarren postuan iritsi da, eta nahiz eta lidertzari eutsi, datorren larunbaten ez du hutsik egin behar aurreneko postuari eutsi nahi badiote. San Juanek maila ona ematen ari dela esaten genuen atzo gaur goizean hirugarren postuan sailkatzea lortu dute Igor Makazagaren mutilek. Federazio Kopan San Pedroko bigarren trainerillak lortu du garaipena. Estropada bikaina burutu dute moreek eta alde handiarekin gailendu dira. Nesketan Getariako neskak izan dira azkarrenak. Atzo ezin izan zuten garaipena lortu Orion, baina gaur erreztasun handiarekin irabazi dute. Jubeniletan ere Getaria izan da trainerillarik onena. Datorren larunbatean ligako azken jardunaldia jokatuko da eta estropada horiek igandeko txapelketarako sailkatzeko balioko dute. Igandean finalak jokatuko dira. Bai larunbaten eta baita igandean ere Mutrikun ospatuko dira trainerilla probak. Jardunaldiko emaitzak eta sailkapenak.
Bermeoko hiru trainerillak jaun ta jabe 2010/05/15
Garaipena lortu du Oriok bere zaleen aurrean 2010/05/15
Orioko trainerillak ligako lehen garaipena lortu du gaur Orion jokatu den jardunaldian. Etxekoen aurrean lortu dute irabaztea horiek. Azkeneko estropadetan maila polita ematen ari zirela esaten genuen eta gaurkoan, baieztapen horiek berretsi egin dituzte Aizperroren mutilek. Bigarren postuan San Pedro iritsi da zazpi segundotara. Bihar ezustekorik ez bada moreek liga eskuratuko dute. Hirugarren tokian Hondarribia sailkatu da bederatzi segundotara. San Juanek estropada bikaina burutu du eta laugarren postuan amaitzea lortu du talde arrosak hamaika segundotara. Federazio Kopan, Zumaia "B"-k lortu du gailentzea. Nesketan, Zumaia "A" trainerilla izan da azkarrena. Getariak, aurreneko aldiz ligan, bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Jubeniletan, Getariarentzat izan da garaipena. Bigarren tokian San Pedro sailkatu da zortzi segundotara. Bihar Donostian azken jardunaldia jokatuko da, goizeko 11:00etatik aurrera. Emaitzak eta sailkapenak.
Trainerilla Ligetako azkeneko jardunaldiak 2010/05/14
Bihar eta etzi Gipuzkoako eta Bizkaiko Trainerilla Ligetako azkeneko jardunaldiak jokatuko dira. Gipuzkoan bihar 6.jardunaldia jokatuko da Orion, eta igandean ligako azken jardunaldia Donostian. Bizkaian ere bi jardunaldi jokatuko dira eta biak Elantxoben ospatuko dira. Bizkaiko Ligan, berriz, datorren larunbatean jokatuko diren estropadekin emango zaio amaiera ligari. Azken jardunaldia Bizkaiko Trainerilla Txapelketarako sailkatzeko balio izango du. Hurrengo asteburuan probintzi mailako txapelketak jokatuko dira Mutrikun eta Ondarroan, eta bi asteburu barru Euskadikoa.
Santiagotarrak Ohiko Batzarra ospatuko du maiatzaren 26an 2010/05/13
Santiagotarrak Kirol Elkarteak Ohiko Batzarra ospatuko du maiatzaren 26an. Lehen deialdia arratsaldeko 19:00etan izango da eta bigarrena arratsaldeko 19:30etan. Elkarteak duen instalazioetan egingo da bilera. Gai ordenak lau puntu izango ditu:
·2009ko maiatzaren 5ean egindako batzar agiria irakurri eta onartu
·2009.urteko memoria: kirol emaitzak, diru sarreren eta irteeren emaitzak...
·2010.urteko plana: 2010.urteko aurrekontuak, tasen proposamena...
·Galde-erantzunak
Batzarraren dokumentazioa nahi izanez gero elkartearen bulegoetan eska dezake edozein bazkide edo nahi izanez gero klubeko web orrialdean aurki dezake. Informazio gehiago elkartearen webgunean aurki dezakezue: www.santiagotarrak.com.


