Sarrerak: 25 June 2010
Gipuzkoako emakumezkoen liga ere bihar hasiko da 2010/06/25
Emakumezkoen Ligan ere estropada izango da bihar, Kontxako badian. Gipuzkoako ligako lehen estropada izango da eta lau taldek hartuko dute parte: Getaria-Tolosa, Orio, Pasai Donibane eta Zumaia. Klubek, federazioak eta KAE ligak egindako lanari esker, eta baita aldundiak babesle lana egin izanagatik, emakumeek ere euren liga izatea lortu dute. Bost estropada puntuagarri izango ditu ligak.
Eskarmentu handiko taldea osatu du Donostiarrak 2010/06/25
Donostiarrak fitxaketa garrantzitsuak egin ditu hastear dagoen denboraldirako. Eskarmentu handiko arraunlariak, arraunlari gazteekin uztartzeko helburuarekin osatu du taldea Mendi entrenatzaileak. Guztira 16 arraunlarik osatzen dute koadrilla. Horietatik zazpi jotzen ditu garrantzizkotzat Donostiarrako ontziko entrenatzaileak: Iñaki Andonegi, Miguel Angel Enriquez, Unai Luzuriaga Txinpart, Juan Mari Lujanbio, David Iglesias, Imanol Cascante eta Mikel Kortadi. Ligako iazko postua hobetzea dute helburu nagusitzat."Lehiak eta itsasoak zure lekuan jartzen zaituzte, baina ohorezko txanda ukitzen ibili behar gara" adierazi du Mendik. San Miguel ligara igotzeko play offetarako sailkatzea zaila ikusten du entrenatzaileak."Konplikatua izango da, baina edozein okerri aurrea hartzeko moduko denborak egitea izango da garrantzitsua". Bihar ikusiko da arraunlari berrien ekarpena nola islatzen den Kontxako badian.
ITURRIA: www.irutxulokohitza.info
Zumaiak gaur aurkeztuko ditu bere taldeak 2010/06/25
Zumaia Arraun Elkarteak gaur arratsaldean aurkeztuko ditu bere taldeak. 19:30etan hasiko da ekitaldia arranplan, eta bertan denboraldi honetarako aterako dituen hiru traineruak aurkeztuko dira: Lehen taldea, San Miguek ligan arituko dena, bigarren taldea, KAE 2 ligan arituko dena, eta emakumezkoen trainerua, Gipuzkoako Ligan jardungo dena. Zumaiarren helburu nagusiena San Miguel ligan mantentzea izango da.
ITURRIA: www.baleike.com
KAE 1 liga bihar hasiko da Donostiako uretan 2010/06/25
KAE 1 ligari bihar emango zaio hasiera Kontxako badian. Laugarren urtez jarraian jokatuko da liga, eta TKE ligan gertatzen den moduan, maila geroz eta handiagoa da Kantauri Itsasoko bigarren mailan. Guztira 14 estropada puntuagarri izango ditu ligak. Taldeek dena ondo lotuta utzi nahi dute ligari ahalik eta ondoen aurre egiteko. Neguko eta aurredenboraldiko estropadetan ikusitakoaren arabera, Santurtziko trainerua izango da hautagai nagusiena liga eskuratzeko. Ibon Gaztañazpik gidatzen duen taldea 3.postuan sailkatu zen lehengo urtean, Astillero eta San Juanen atzetik, eta denboraldi honetan pauso bat gehiago eman nahi dute. Itsasoko Amarekin batera, Isuntza, Zierbena eta Camargo lehiatuko dira aurreneko postuetan. Lekeitiarrek maila polita eman zuten Mutrikun, eta gogo handiekin daudela erakutsi dute. Zierbenak ere, talde polita osatu da denboraldi honetarako, eta kalitatezko patroi baten laguntzarekin, Joseba Arbonarekin alegia, goikaldean egon nahi dute Patxi Francesen mutilek.


