Nabigazioa
« Otsaila 2012 »
Al As Az Og Or Lr Ig
12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
272829
 
Hemen zaude: Hasiera Berriak Archive 2010 July
 

Sarrerak: July 2010

Urdaibaik ez du amore ematen 2010/07/31

Urdaibai 2010
Gaur Getxon jokatu den estropadan, Urdaibaik garaipen bikaina lortu du. Estropada irabazteaz gain, sailkapen orokorrean sekulako aurrerapausoa eman dute Jose Manuel Franciscoren mutilek. Hiru puntura hurbildu zaio Oriori sailkapen orokorrean, eta San Miguel Liga erabat estutu dute bermeotarrek. Orio seigarren postuan sailkatu da, eta puntu dezente galdu ditu Urdaibairen mesedetan. San Juan bigarren postuan sailkatu da, eta liga hasieran emandako maila eman dute gaurkoan arrosek. Denboraldi ikaragarria egiten ari den taldea Tiranekoa da. Laugarren postuan amaitu dute estropada zazpi segundotara. Pedreñak ere lan txukuna burutu du, eta hirugarren tokian sailkatu dira kantabriarrak. San Pedrok hiru segundoko zigorra jaso du, irteera txarra burutzeagatik, eta erabaki honen ondorioz, seigarren postutik zortzigarren postura igaro da. Aurreneko txanda Kaikuk irabazi du. Bihar, Zumaian, San Miguel Ligako 10.jardunaldia jokatuko da eguerdiko 12:00etan. Emaitzak eta sailkapenak.

 

Gipuzkoak lidertza berreskuratu du 2010/07/31

Gipuzkoako neskak
Gipuzkoako neskek lidertza berreskuratu dute Getxoko uretan. Estropada hasieratik nagusitu dira gipuzkoarrak, eta maila bikaina erakutsiaz gailendu dira. Ziabogan lau segundoko aldearekin biratu dute Galiziarekiko, eta azkeneko luzean aldea areagotzea lortu dute. Galizia hamar segundotara iritsi da. Bizkaia hirugarren postuan sailkatu da. Bizkaitarrak hirugarren tokitik ez dira mugitzen. Sailkapen orokorrean Gipuzkoak 18 puntu ditu. Puntu bat gutxiagoarekin Galizia aurkitzen da. Bizkaiak 10 ditu, eta Kantabriak 5. Bihar, Zumaian, eguerdiko 11:35etan Euskotren Ligako 6.jardunaldia jokatuko

da. Emaitzak eta sailkapenak:

Portugaletek lidertzan sendo jarraitzen du 2010/07/31

Portugalete Zumaian

Portugaletek sendo jarraitzen du KAE 2 Ligan. Gaur goizean Zumaian jokatutako estropadan, azkarrenak izan dira. Bizkaitarrek maila bikainean ari dira, eta horren lekuko gaurko estropada. Bigarren postuan Ondarroa sailkatu da lau segundotara. Ondarrutarrek ez dute amore ematen, eta jada, hiru puntura dute Getaria sailkapen orokorrean. Lehia estua izango dute bi ontziek bigarren posturako. Zumaiak eta Santoñak ere lan txukuna burutu dute, eta hirugarren eta laugarren postuan iritsi dira. Getariak ez du egun ona izan, eta seigarren postuarekin konformatu behar izan dute. Bihar, Avilesen, eguerdiko 12:00etan jokatuko da asteburuko bigarren estropada. Emaitzak eta sailkapenak.

Santurtzik eta Portugaletek ez dute ezustekorik nahi 2010/07/30

KAE-2 20090628  ziaboga hartzen

KAE 1 eta KAE 2 ligetako liderrek ez dute ezustekorik nahi asteburu honetan. Santurtzik bost puntuko aldea du Isuntzarekiko, eta Portugaletek, berriz, zortzi puntu Getariarekiko. KAE 1 Ligak igandean du hitzordua, Algortako uretan. Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera probari. KAE 2 Ligan bi estropada puntuagarri jokatuko dira. Bihar, Zumaian, goizeko 12:00etan, eta igandean, Avilesen, ordu berean. KAE 2 Ligari estropada gehiago falta zaizkio KAE 1 Ligari baino. Kontuan hartu beharra dago KAE Ligako bigarren multzoan 16 talde daudela, eta lehenengo taldean 12. Oraindik asko da goerbakitzeke bi multzoetan.

Lidergoa jokoan Euskotren Ligan 2010/07/30

Bizkaia neskak

Emakumezkoen Liga bueltan da, astebeteko atsedenaren ostean. Lidergoa jokoan jarriko dute asteburu honetan Galzia eta Gipuzkoako selekzioek. Bi klubek puntu kopuru bera bildu dute lehen lau estropadetan: 14 puntu. Bihar, Getxon, Euskotren Ligako 5. estropada puntugarria jokatuko da arratsaldeko 18:30etan. Igandean, Zumaian, ligako 6. estropada ospatuko da goizeko 11:30etan. 6.000 euro banatuko dira saritan, eta lau ontziek 2.778 mteroko distantzia osatu beharko dute estropada honetan. Estropada hauen ondoren, bi jardunaldi gehiago geratuko dira Euskotren liga amaitzeko.

San Miguel Liga lan erditan 2010/07/29

Zumaiako Ikurriña

Denboraldiko lehen erdiak sailkapen buruan utzi ditu Orio eta Urdaibai. Batez ere ontzi gipuzkoarra, 8 puntuko aldea kentzen baitio Bermeoko klubari. Lehiaketako lehen hilabeteak argi erakutsi du parekotasuna erabatekoa dela San Miguel Ligan. Larunbatean, Getxon, ligako 9. estropada puntuagarria jokatuko da arratsaldeko 19:00etan. Igandean, abuztuko lehen egunean, denboraldiko 10. estropada jokatuko da Zumaiako uretan eguerdiko 12:00etan. Pasa den denboraldian eguraldi txarra zela eta, bertan behera utzi zen estropada. Zumaiak bere zaleen aurrean jardungo da, eta lana ona egiten saiatzeaz gain, 11. postua saihesteko azken ahalegina egingo du. 11. postu horrek igoera eta jaitsiera kanporaketa jokatzera eraman dezake.

Kaiku, Euskadiko txapeldun 2010/07/28

Kaiku Hondarribiako helmugan

Kaikuk Euskadiko Txapelketa lortu du gaur Zierbenako uretan. Jose Luis Kortak arraunlari onenak atera ditu, eta tripulazio horrekin areriorik ez dutela erakutsi dute beste behin. Espainiako Txapelketa eta Kontxako banderarako hautagai nagusienak direla ez du jada inorrek zalantzan jartzen. Bigarren postuan Orio sailkatu da. Gipuzkoarrek aurreneko txandan jardungo dira, eta erreferentziarik ez izateak kalte egin die. Hirugarren postuan Hondarribia iritsi da. Kale ona zutela baliatuz, estropada polita burutu dute hondarribitarrek. Txanda honetan Urdaibai kanporatua izan da, Hondarribiren kalean nabarmen sartu delako. Arraunek elkar jo dute, eta epaileek Bermeoko taldea kanporatzea erabaki dute. Laugarren postuan San Juan helmugaratu da 30 segundotara. Horrela, Kaiku, Orio eta Hondarribia izango dira Espainiako Txapelketan parte hartuko duten euskal ordezkariak. Emakumezkoen Federazio sarian, Getaria-Tolosa gailendu da Bizkaiaren aurretik. Minutuko aldea atera die helmugan gipuzkoarrek bizkaitarrei. Emaitzak eta sailkapenak:

Kaiku eta Urdaibai dira faborito nagusienak Euskadiko Txapelketan 2010/07/27

Kaiku 2009ko Euskadiko Txapeldun!

Kaikuk eta Urdaibaik Zierbenan dute denboraldiko bigarren test garrantzitsua. Aurrenekoa Bizkaiko Txapelketa izan zen, eta bertan Sestaoko taldea izan zen azkarrena. Orain, Euskadiko Txapelketa jokatuko da eta bi ontziek helburu berberarekin ekingo diote estropadari: bandera lortzea. Bi talde bizkaitarren arteko lehia izango da, baina ez da Orio ahaztu behar. Gipuzkoarrak ez dira paseatzera aterako, eta banderaren lehian egon nahi dute. Hala ere, arraunlari propioen legerik ez egoteak Kaiku eta Urdaibai bezalako taldeei mesede gehiago egiten die, askatasun oso emanez tripulazioa osatzerako garaian. Gipuzkoatik Hondarribia, San Juan eta Zumaia arituko dira, Oriorekin batera. Bizkaitik, berriz, Kaiku, Urdaibai, Zierbena eta Isuntza. Bihar arratsaldeko 18:30etan hasiko da proba Zierbenako uretan.

TKE Ligako ordezkari donostiarrak 2010/07/27

Arraunlari donostiarrak

TKE Ligara igotzeko asmoa eta helburua du Donostiako ordezkari zuzena den Donostiarra traineruak. Hala ere, hori noiz gertatuko zain, sutsuki zain gauden bitartean, ezin dugu ahaztu badirela arraunlari donostiarrak TKE Ligan dabiltzan beste ontzietako tostetan. Hamabi dira arraunlari horiek, eta ez nolanahiko arraunlariak gainera. Horra: Gabi Larrinaga, Iñaki Arrieta, Loren Jauregi, Iker Aranburu eta Lander Larrauri San Pedron; Axier Kolina, Haritz Etxebeste eta Fernando Balentziaga Orion; David Sainz, Alain Osanbela eta Ion Piñeiro San Juanen; eta Asier Etxebeste Castron. Gai horixe jorratu du Irutxuloko Hitza egunkariko Itzurun gehigarriak. Elkarrizketa egiten zaie arraunlari horiei, eta aurtengo denboraldian egindakoari eta egitea espero dutenari buruz mintza zaizkigu.

ITURRIA: Tornozulotik bloga

Bideo finish sistema erabiliko da San Miguel ligako estropada guztietan 2010/07/26

GPS

TKE Elkarteak deboraldia bukatu bitarte geratzen diren estropadetan bideo finish sistema erabiliko du. Helburua lehiaketa gero eta hobea izatea da, eta San Miguel ligak daukan parekotasuna aintzat hartuta, bideo finish sistema erabiltzea erabaki da. Bideo finish-a TKE Elkarteak arrauna hobetu eta modernizatzeko beste pauso bat da. Bideo finish-a erlojupekoan egin diren estropada guztietan erabili izan da orain arte, baina traineruen arteko parekotasuna ikusita, elkarteak sistema hori estropada guztietan erabiltzea deliberatu du. G93 enpresa izango da bideo finish-aren hornitzailea, GPS sistemaren bitartez San Miguel ligako estropadetako jarraipena GPS egiten duen enpresa bera.

Oriok ez du hutsik egiten 2010/07/25

Orio Pasaian
Oriok San Miguel liga lortzeko beste pauso bat eman du gaur Pasaiako uretan. Kofradiaren Ikurriñean gailendu dira oriotarrak, eta lidertza sendotu dute garaipen honekin. Bere aurkari nagusiena, Urdaibai, bigarren postuan sailkatu da eta aldea areagotzea lortu dute sailkapen orokorrean. Gipuzkoarrek ez dute TKE liga inoiz lortu, eta aurten aukera paregabea dute liga eskuratzeko. Oraingoz, ondo bideratua dute. Orio eta Urdaibairen ondoren Tiran iritsi da. Galiziarrak sekulako denboraldia burutzen ari dira, eta gaurkoan ere estropada bikaina egin dute. Laugarren postuan etxeko taldea sailkatu da. San Pedrok ere maila ona ematen ari da ligan, espero zena maila hobeto. Kaikuk ligako estropadarik onena burutu du gaur Pasaian. Bosgarren postuan helmugaratu da Bizkaitarra ontzia. Seinale ona zalnatzarik gabe. Sailkapen orokorrean Orio da liderra 84 punturekin. Hurrengo asteburuan Getxon eta Zumaian izango dute hitzordua traineruek. Emaitzak eta sailkapenak

.

Santurtzi garaile Lekeition 2010/07/25

Santurtzi sotera 2

Lekeition jokatu den El Correo-BBK Sari Nagusian, Santurtzik erdietsi du garaipena Camargo eta Isuntzaren aurretik. Garaipen honekin Santurtziarrek lidertza sendotu dute. KAE 1 ligako azkeneko hiru estropadetan gailendu dira, eta beste ontzien gainetik daudela erakutsi dute Ibon Gaztañazpiren mutilek. Hasiera ez zen batere ona zen, baina pixkanaka espero zen maila ematen ari dira bizkaitarrak. Sailkapen orokorrean 86 puntu ditu Santurtzik. Isuntzak eta Camargok 81 eta 80 punturekin daude, eta laugarren postuan Zierbena aurkitzen da 74 punturekin. Oraindik dezente geratzen da liga amaitzeko, baina Santurtzik ondo bideratua dauka liga eskuratzeko. Emaitzak eta sailkapenak.

Santoñak lehian egon nahi du 2010/07/25

santoña santander

KAE 2 ligan gauza asko daude oraindik erabakitzeke. Aurreko astean Pasaian lortutako garaipenari jarraipena eman dio gaur Santanderren Santoñak. Sailkapen orokorrean hirugarren postuan aurkitzen dira kantabriarrak, eta lehian erabat murgildu dira. Bigarren postuan Ondarroa sailkatu da. Bizkaitarrek estropada txukuna burutu dute gaurkoan. Donostiarraren bigarren traineruak hirugarren postuan iritsi da, lan bikaina eginez. Getaria eta Portugalete laugarren eta bosgarren postuan sailkatu dira. Getariarrek puntu bat murriztea lortu dute Portugaleterekiko. Hala ere, Portugalete sendo jarraitzen du lidertzan. Emaitzak eta sailkapenak.

Urdaibairentzat Iberdrola bandera 2010/07/24

Urdaibai Pasaian txapeldun

Urdaibaik estropada itzela burutu du gaur Pasaiako badian. Jose Manuel Franciscoren metodoek bere fruituak ematen hasi dira, eta nola gainera. Gaurkoan indartsu daudela erakutsi dute bermeotarrek. Bou Bizkaia ontziak zeresana eman nahi du denboraldi honetan, eta lehian egoteko maila duela demostratu nahi du. Orio bigarrena izan da 9 segundotara. Lidertzan sendo jarraitzen dute oriotarrek, baina ezin dira erlaxatu. San Juanek ez du bere eguna izan, eta seigarren postuan sailkatu dira bere zaleen aurrean. Aurretik Astillero, Tiran eta Castro iritsi dira. Sailkapen orokorrean Orio da lehena 72 punturekin. Bigarren Urdaibai aurkitzen da zazpi puntura, eta San Juan hamaikara. Bihar, leku berean, Kofrandiako bandera jokatuko da eguerdiko 12:00etan. Erlojupekoan arituko dira traineruak. Emaitzak eta sailkapenak.

Santurtzi eta Isuntza dira faboritoak 2010/07/24

Isuntza Donostian

KAE 1 ligako zortzigarren estropada, hau da, XXV.El Correo ikurriña-BBK sari nagusia jokatuko da, bihar, Lekeitioko uretan (12:00). Entzute handiko bandera da jokoan egongo dena, eta, printzipioz, txanda nagusiko taldeak dira irabazteko faboritoak: Santurtzi, Isuntza, Camargo eta Zierbena. Beraien artean banatu dituzte orain arteko banderak. Camargok irabazi ditu hiru, Santurtzik bi eta Zierbenak zein Isuntzak bana. Liderra, ordea, Santurtzi da, 74 punturekin, eta bigarren, Isuntza, hiru puntura. Bihar, hain zuzen, zaleen aurrean ariko dira Lekittarra ontzikoak. KAE 2 ligako zortzigarren estropada, berriz, Santanderren jokatuko da, bihar (12:00). Portugaleteren Jarrillera trainerua da liderra, nabarmen, gainera. 95 puntu dauzka. Getariak, berriz, 86 ditu, eta Zumaia B-k, 81.

ITURRIA: www.berria.info

Pasaiako badian jokatuko dira TKE Ligako 7 eta 8.jardunaldiak 2010/07/23

Pasaia

Bihar eta etzi, Pasaiako uretan jokatuko dira TKE Ligako 7 eta 8.jardunaldiak. Larunbatean Iberdrola Bandera jokatuko da, Pasai Donibanek antolatua. Binaka aterako dira traineruak, hiru txandetan. Txanda bakoitzean lau ontzi irtengo dira, bi itsasoruntz, eta beste biak porturako bidean. Arratsaldeko 17:30etan emango zaio hasiera estropadari. Igandean, leku berean Kofradiaren XVI.Bandera jokatuko da, eguerdiko 12:00etan. Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatzen du estropada, eta bertan erlojupekoan jardungo dira ontziak. Lau luze eta hiru ziaboga emango behar dituzte taldeek. Orio da liderra 61 punturekin.

Zigor espedientea ireki diote Tiraneri 2010/07/23

Tiran Moaña

TKE Elkarteko Lehiaketa Batzordeko epaile bakarrak zigor espedientea abiatu du Tiran Arraun Elkarteari, 2010eko uztailaren 17an eta 18an Moañako estropadetan gertatuko antolakuntza akatsen inguruan (balizak eta harmailak). Akats horiek elkarteko diziplina arautegian jasotako zigorrak erabakitzea ekar dezake.

Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketak jokoan 2010/07/20

San Pedro Libia 2
Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketak jokatuko dira Donostian eta Lekeition. Gipuzkoan Donostiako badian jokatuko da proba, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Bizkaian, aldiz, arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera estropadari. Orio eta San Juan izango dira hautagai nagusienak bandera lortzeko. TKE ligan maila bikainean jardun dira biak, eta faboritoak dira garaipena lortzeko. Bizkaian, Urdaibai eta Kaiku dira hautagai nagusienak estropada irabazteko. Txapelketa honetan arraunlari propioen legerik ez dago, eta beraz, Kaikuk bere tripulazio onena aterako du, Urdaibai bezala. Bien arteko lehia ikustekoa izango da.

Getaria-Tolosak sendo jarraitzen du Gipuzkoako Ligan 2010/07/20

Getaria-Tolosa neskak

Getaria-Tolosak garaipena erdietsi zuen igandean Orioko uretan. Bigarren jardunaldia jokatu zen, eta aurreneko jardunaldian bezala Getaria-Tolosako neskek eskuratu zuten garaipena. Bigarren postuan San Juan sailkatu zen 12 segundotara. Pasaiatarrek estropada txukuna egin zuten. Sailkapen orokorrean Getaria-Tolosa da lehena 8 punturekin. Bigarrena San Juan aurkitzen da 5 punturekin. Eta Zumaia eta Orio 3 punturekin daude berdinduak.

Arkote nagusi Beteranoen Ligan 2010/07/19

Arkote beteranoak 2

Larunbatean jokatu zen Beteranoen Ligako 3.jardunaldian, Arkoteko ontzia izan zen azkarrena. Plentzian ospatu zen estropada, eta bertan erlojupekoan jardun ziren traineruak. Estropadan zehar denbora onenak markatu zituen Lutxana-Deustuk, baina azken 100 metroetan arazoak izan zituen korrienteekin, eta denbora dezente galdu zuen. Horrela Arkotek lortu zuen garaipena etxekoen aurrean. Bigarren postuan Getxo sailkatu zen 10 segundotara, eta Lutxana-Deustu hirugarren tokian, 11ra. Ligako beste hiru ontziek denbora gehiago galdu zuten. Sestaok, Ibaialdek eta Endaikak minutu bat gehaigo behar izan zuten estropada burutzeko. Horrela, sailkapen orokorrean Arkote da lehena 17 punturekin. Bigarrena Lutxana-Deustu aurkitzen da bi puntu gutxiagorekin. Hurrengo estropada abuztuaren 14ean jokatuko Getxoko uretan. Emaitzak eta sailkapenak:

ITURRIA: www.todoremo.com

Azken erantzunak
earra jarduna
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/28
Non: Hondarribiako zortzikoa Euskadiko distantzia luzeko txapeldun
Argazki ederrak
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/22
Non: Hondarribiako zortzikoa Euskadiko distantzia luzeko txapeldun
Senior mailako Bideoa
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/22
Non: Gipuzkoako Batel Ligaren lehen jardunaldia jokatu da Orion
irteerako ordena
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/20
Non: Gipuzkoako distantzia luzeko outrigger txapelketan Hondarribia nagusi
batel liga Orion
Erabiltzaile anonimoa, 2012/01/19
Non: Tolosako batel estropadetan, Tolosaldea eta Hibaika nagusi
Gehiago...
 

Plonerekin eginda

Gune hau hurrengo estandarretara egokitzen da: