Sarrerak: 27 July 2010
Kaiku eta Urdaibai dira faborito nagusienak Euskadiko Txapelketan 2010/07/27
Kaikuk eta Urdaibaik Zierbenan dute denboraldiko bigarren test garrantzitsua. Aurrenekoa Bizkaiko Txapelketa izan zen, eta bertan Sestaoko taldea izan zen azkarrena. Orain, Euskadiko Txapelketa jokatuko da eta bi ontziek helburu berberarekin ekingo diote estropadari: bandera lortzea. Bi talde bizkaitarren arteko lehia izango da, baina ez da Orio ahaztu behar. Gipuzkoarrak ez dira paseatzera aterako, eta banderaren lehian egon nahi dute. Hala ere, arraunlari propioen legerik ez egoteak Kaiku eta Urdaibai bezalako taldeei mesede gehiago egiten die, askatasun oso emanez tripulazioa osatzerako garaian. Gipuzkoatik Hondarribia, San Juan eta Zumaia arituko dira, Oriorekin batera. Bizkaitik, berriz, Kaiku, Urdaibai, Zierbena eta Isuntza. Bihar arratsaldeko 18:30etan hasiko da proba Zierbenako uretan.
TKE Ligako ordezkari donostiarrak 2010/07/27
TKE Ligara igotzeko asmoa eta helburua du Donostiako ordezkari zuzena den Donostiarra traineruak. Hala ere, hori noiz gertatuko zain, sutsuki zain gauden bitartean, ezin dugu ahaztu badirela arraunlari donostiarrak TKE Ligan dabiltzan beste ontzietako tostetan. Hamabi dira arraunlari horiek, eta ez nolanahiko arraunlariak gainera. Horra: Gabi Larrinaga, Iñaki Arrieta, Loren Jauregi, Iker Aranburu eta Lander Larrauri San Pedron; Axier Kolina, Haritz Etxebeste eta Fernando Balentziaga Orion; David Sainz, Alain Osanbela eta Ion Piñeiro San Juanen; eta Asier Etxebeste Castron. Gai horixe jorratu du Irutxuloko Hitza egunkariko Itzurun gehigarriak. Elkarrizketa egiten zaie arraunlari horiei, eta aurtengo denboraldian egindakoari eta egitea espero dutenari buruz mintza zaizkigu.
ITURRIA: Tornozulotik bloga


